01 FEB. 2020 Yolanda Gonzalez omendu dute Deustun, hil zuteneko 40. urteurrenean Deustuibarrako auzokideek Yolanda Gonzalez omendu zuten atzo, ultraeskuindarrek erail zutenetik 40 urte betetzen direla eta. Horretaz gain, «1980-2020 Yolanda Gonzalez gogoan» izeneko erakusketa aurkeztu zuten Bizinahi auzogunean; otsail osoan egongo da bertan. Asier ROBLES BILBO Berrogei urte dira gaur Batallon Vasco Español talde ultraeskuindarrak Yolanda Gonzalez gazte deustuarra bahitu, torturatu eta erail zuela Madrilen, euskal herritarra eta ezkerreko militantea izateagatik. Hil zutenean 19 urte zituen eta PST (Partido Socialista de los Trabajadores) alderdiko kidea zen. Deustuibarrako auzokideek ez dute Yolanda ahaztu, eta atzo arratsaldean, urtero bezala, omenaldia egin zioten bere izena duen plazatxoan. Hasteko, mural berria inauguratu zuten txalaparta doinuek girotuta. «Mural oso argitsu eta koloretsua da, sentsazio oso positiboak transmititzen ditu, eta horrelakoa zen Yolanda, bizitzaz betea eta mundu hobe bat lortzeko ilusioz betea», gogoratu zuen Auzo Elkarteko kide batek. Era berean, Gonzalezek «etorkizun justuago baten aldeko defentsan jarritako energia eta ahalegina» ekarri zuen gogora. «40 urte hauetan gauza asko gertatu dira, baina langileriaren eta kolektibo baztertuen borrokak bizirik dirau. Ziur gaude Yolanda oraindik hemen gurekin egongo balitz, gero eta handiago den desberdintasun sozialari aurre egiten ibiliko zela lehen lerroan», adierazi zuen hizlariak omenaldian parte hartu zutenen txaloak jasoz. «Mila esker Yolanda, zure bizitza laburrean hain eredu handia uzteagatik. Zure ekintzei oihartzuna emango diegu», esan zuen. Memoria Agurra dantzatu eta lore eskaintza egin ostean, Asier Gonzalezek, Yolandaren nebak, hartu zuen hitza. Militatzen hasi zeneko anekdotak eta familiak hilketaren momentuan jasandako uneak kontatu eta gero, horrelako omenaldien garrantzia nabarmendu zuen, «Yolanda nor zen eta zergatik hil zuten hausnartzeko». Ekitaldian EH Bildu, Podemos eta PSEko kideez gain, Monika Hernando Lakuako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, Aintzane Ezenarro Gogorako zuzendaria eta Egiari Zor-eko kideak egon ziren. Halaber, “1980-2020 Yolanda Gonzalez gogoan” izeneko erakusketa aurkeztu zuten Bizinahiko bigarren solairuan. Otsail osoan egongo da bertan ikusgai. Hamaika panelez osatuta dago eta hauen berri ematen dute: Yolandaren hilketa; Deustuko herriaren erreakzioa; hiltzaileak nortzuk izan ziren eta Estatuko aparatuekin izandako lotura, Batallon Vasco Español; Espainiako Auzitegi Nazionaleko ikerketa murriztua; epaiketa; kriminalek kartzelan izandako aldeko tratua, Hellin hiltzailearen ihesaldia Paraguaira; Espainiara estradizioa; eta 43 urte eta erdiko zigorretatik 14 urte eskas bete ondoren Guardia Zibilak eta Poliziak egindako kontratazioa. Azken panelak, 2016an, «lan neketsu eta iraunkor bati esker», Deustuibarrako Auzo Elkarteak plazari Yolandaren izena jartzea lortu zuenekoa agertzen du. Horiek osatzeko, garaiko prentsaz (‘‘Egin’’, ‘‘Egunkaria’’, ‘‘Deia’’, ‘‘El Correo’’, ‘‘Interviu’’, ‘‘La Gaceta del Norte’’, ‘‘La Hoja del Lunes’’, GARA eta ‘‘Berria’’) eta Deustun argitaratutako esku-orriez baliatu dira antolatzaileak (azken horiek Lazkaoko Beneditarren Liburutegian artxibatuta daude). Horrekin batera, 2013an argitaratutako “Yolanda en el país de los estudiantes” bideo emanaldia eskaini zuten atzo. ERAKUSKETA«1980-2020 Yolanda Gonzalez gogoan» izeneko erakusketa ikus daiteke Bizinahi auzogunean hilabete honetan.