07 FEB. 2020 JOPUNTUA Gorrotoa Maria del Rio Zuzenbidean doktorea Gorroto delituaren kontzeptua gero eta gehiago zabaltzen ari da; astero-astero berriren bat dago horri lotuta. Oso joera berria da, orain dela urte gutxira arte termino guztiz ezezaguna zen, eta ikuspuntu juridiko batetik ere ez zitzaion arreta handirik eskaintzen. Zigor Kodean gorroto delituaren kontzeptua ez da modu zuzenean agertzen, baina badira zenbait portaera terminoaren barne har daitezkeenak. Alde batetik, edozein delitu burutzen denean –esaterako, eraso fisikoa edo erailketa– gizatalde zehatz bateko kide baten kontra aurreiritziek bultzatuta, besteak beste, pertsona arrazializatuak, homosexualak edota ideologia jakin batekoen kontra. Gainera, hitzaren bitartez egin daitekeen delitua ere bada: indarkeria, gorrotoa edo bereizkeria sustatzen denean. Zehaztasun handia eskatzen du honen ezarpenak izan litzakeen ondorio negatiboak ekiditeko; adibidez, adierazpen askatasunaren bidegabeko murrizketa. Argi dagoena da gorrotoa sentitzea ez dela delitua, horretarako ondorio jakin batzuk bilatu behar dira. Helburu baztertzailea duen desinformazioa ez da fenomeno berria, baina sarearen erabilera orokortuak, eta sare sozialek, askoz konplexuagoa bihurtu dute. Talde zaurgarriak kaltetzeko sortutako informazio faltsua, tresna boteretsua da gorroto diskurtsoa sustatzeko. Eragin nahi diren sentimendu eta emozioek, beldurra, amorrua, gorrotoa… erraz zabaltzeko gaitasuna dute. Tamalez, adibideak guztiok ikusi ditugu edo, are gehiago, seguru inoiz jaso ere egin ditugula Whatsappez. Migranteen inguruko berri faltsuak, gertaera zaharrak berriak balira bezala salduta, beste nonbaiten gertatutakoak zure herrian kokatuta, edo datu okerrez jositakoak; guztiak intentzionalitate ideologiko argia duten mezuak dira, eta ez dira kaltegabeak. Ondorioak askotarikoak dira: haustura soziala, bereizkeria, bazterketa edo indarkeria bultzatzea edo zuritzea. Ez dago soberan gogoratzea bereizkeriaren kontra egiteko zigor kodea ez dela nahikoa; are gehiago, azken bitartekoa izan beharko litzateke. Ikuspuntu kritikoa garatzea funtsezkoa da, eta gorrotoari uko egitera ausartu. Helburu baztertzailea duen desinformazioa ez da fenomeno berria, baina sarearen erabilera orokortuak, eta sare sozialek, askoz konplexuagoa bihurtu dute