GARA Euskal Herriko egunkaria

Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak «tresna kutxa» eman dute Iparraldeko hautetsiek euskara bultzatzeko


2016ko abenduan Europako 30 hizkuntza komunitatetako ehundik gora eragilek Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko protokoloa aurkeztu zuten Donostiako Kursaal jauregian.

Iragan azaroan, berriz, protokoloaren udal garapena aurkeztu zuen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Gasteizko Euskararen Etxean egindako ekitaldian.

Orain, Ipar Euskal Herrian heldu den martxoan iraganen diren udaletarako eta Euskal Elkargorako bozetara begira, beste urrats bat egin dute, hiru lurraldeotako egoera eta erronkei egokituriko dokumentu batean «hizkuntza politikak jaso beharreko helburuak, mugarriak eta neurriak» zehaztuz.

Politika «ausartak»

Atzo iluntzean Merkataritza eta Industria Ganberaren Baionako egoitzan egindako ekitaldian aurkeztu zuten «tresna kutxa» horren bidez «erraztasunak eman nahi dizkiegu martxotik aitzin herriko etxeetan gobernatuko duten hautetsiei, hizkuntza politika ausartak martxan jar ditzaten», azaldu du Ipar Euskal Herrian Kontseiluko ordezkaria den Haizpea Abrisketak.

Euskara ez da hizkuntza ofiziala Ipar Euskal Herrian eta horrek muga handiak ezartzen ditu. Hala eta guztiz ere, «ofizialtasunik ez izateak ez du esan nahi ezin dela neurririk hartu», argiki adierazi du Paul Bilbaok. Hainbat arduradun politikorekin izan dituzten bileretan horietako batzuk «ofizialtasuna ez bada ere, %90» egin daitekeela esatera heldu direla jakinarazi du Bilbaok.

Adierazpen horri helduta, Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak «neurri sorta» jarri dute Iparraldeko tokiko erakundeak kudeatuko dituzten ordezkari politikoen eskura. Era berean, hautagaiei dei egin zieten bozen aitzin euskararen aldeko konpromisoa hartu dezaten .