08 FEB. 2020 JOPUNTUA Frankismoaren banalizazioa Floren Aoiz @elomendia Bi telebista iragarki ezberdinetan ikusi dut Antonio Resines espainiar aktorea azken asteotan. Batean, muffinaren eta espainiar madalenaren arteko dikotomia sinplista egiten du, interneteko operadore baten produktuak saltzeko. Ideia erraza da, amerikar gozokiari gehigarri antzuak kendu (argitxoak, iruditxoak…) eta hor, sakonean, ezkutuan bada ere, esentzian, betiko espainiar pasta dago. Iragarkiak tesi baterako ematen du, baina aski da honekin, besteari erreparatu nahi diodalako, batez ere. Bigarrenean Resinesek berak jakinarazten digu 1954. urtean sortu zela, iragarkia ordaintzen duen enpresa bezala. Tonu kastizoan, garai harekiko nostalgia elikatzen da, saldu nahi duten jakia orduan bezala egiten dela sinetsarazteko. Dena aldatzen da, baina, aktoreak zera dio: «Ez ukitu gauza inportanteak!». Urdaiazpikoaz ari da, ados, baina nago beste zerbait adierazten duela, esplizituki aipatzen ez bada ere. Publizitate kanpaina beraren beste euskarri batean Resinesek urte hartako mugarri batzuk gogoratzen ditu, Elvisen lehen diskoaren grabaketa, Fender gitarra, Tolkienen liburu bat… Baina esaten ez duena da esanguratsuena: 1954an frankismoa indar osoz ezarrita zegoen espainiar Estatuan. Errepresioa eguneroko ogia zen jende askorentzat. Esaterako, eta Googleko berehalako bilaketatik aterata, urte hartako lege moldaketa batek homosexualak (“rufianak”) eta proxenetak zaku berean sartzen zituen, zigor zehatzak ezarriz. Frankismoa ez da inoiz kritika sakon eta zorrotz batez astindu espainiar Estatuan. Jarraipena izan zen trantsizioaren gakoa (legetik legera, zehazki) eta hori islatzen da oraindik ere marko kognitiboetan, akritikoki birrekoizten diren horietan, hots. Afera ez da Resinesek edo iragarleak frankismoa ezkutatu nahi izana. Ezin dut baieztatu, ezta ukatu ere. Kontua da, laburki, diktadura banalizatu dutela, batere garrantzirik ematen ez diotelako, nahiz eta urte hori goraipatu. Frankismoa ez da inoiz kritika sakon eta zorrotz batez astindu espainiar Estatuan. Jarraipena izan zen trantsizioaren gakoa eta hori islatzen da oraindik ere marko kognitiboetan