GARA Euskal Herriko egunkaria
ZIRIKAZAN

Film gehiago!


Ni zinemak gauzak alda ditzakeela uste duten horietakoa naiz, pentsaerak eraldatzeko boterea duen heinean. Erakutsi ohi dizkigu erabat ezezagunak ditugun errealitateak, esperientziak, bizimoduak, azken finean; edo oso ezagunak ditugunak, baina beste ikuspegi batzuetatik, agian guri sekula bururatuko ez litzaigukeen leku interesgarri batetik erakutsiak. Zinemak, ez beti-beti baina bai sarri-sarri, pentsatzera bultzatzen gaitu, gure zilbor ondo begiratuaz haragoko mundu zabal eta biziaz jabetzera, geure burua beste larru batzuen barruan irudikatzera, enpatizatzera… eta, hala, gertatzen da besteen bizipenak eta sentimenduak zertxobait hobeto ulertzen hasten garela, are geure egiten ere. Orduan, elkartasuna sortzen da, alaitasun eta borroka partekatuak, harremanak, sareak… eta horrek, zilborzale amorratuek kontrakoa sinets dezagun eta etxean goxo gera gaitezen ahalegin handia egiten badute ere, gauzak aldatzen ditu, mundua pixkanaka. Horrexegatik hainbesteko zentsura, hainbesteko boikot- eta gaitzespen-saiakera, betidanik.

Nire barruan era bateko edo besteko zurrunbiloa eragin duten filmak asko izan dira, eta denetik dago horien artean gaiei, generoari, jatorriari-eta dagokienez. Denak ditut gogoan, eta zergatik ere bai, bereizgarrien artean preseski memoria ona ez badaukat ere. Horietako batez, hain zuzen, bereziki gogoratu ohi naiz urtero, otsailaren 6an, Emakumeen Genitalen Mutilazioaren (EGM) aurkako Nazioarteko Eguna izaten delako: “Desert flower” (basamortuko lorea). Ordura arte, munduan milioika neskatok eta andrek jasaten duten basakeria hori, astakeria fisiko eta emozional hutsa, urruneko kontu nahiko lausoa zen niretzat. Ekintza izugarria bera ulertzen nuen, mozketa eta mina eta ankerkeria, baina ez beste guztia, jardunbide hori erauztea lortzeko heldu eta landu beharreko guztia, alegia: kulturak, pentsamoldeak, jatorriak, sexualitateak, botereak, transmisioak…

Harrezkero, ikusi ditut gaiaren gaineko film gehiago (oso desberdinak, hobeak, kaskarragoak…), eta ikusi dut, halaber, gero eta gertuago gu mendebaldar zuri “zibilizatuongandik”, gero eta presenteago gure jendartean, zorionez gero eta paternalismo urriagoz, gehiago entzunez eta sasilezio gutxiago emanez. Gurean klitoriarekiko harreman oro errespetuzkoa eta parekidea balitz bezala, emakume guztion sexualitate guztiek estatus ukiezina balute bezala. Film gehiago hori ere aldatzeko!