10 FEB. 2020 ALPINISMOA Lau eguneko «skyline»-a Cervinoren ingurumarian Francesco Ratti eta François Cazzanelli italiarrek Furggen, Cervino, Grandes Murailles eta Petites Murailleseko 20 mendi lotu dituzte. Jarduera hori neguan egin duten lehen alpinistak dira. Denera, 50 kilometro eta 4.700 metroko goranzko desnibela gainditu dute. Andoni ARABAOLAZA Francesco Ratti eta François Cazzanelli alpinista zailduak dira. Orrialdeotan behin baino gehiagotan “bisita” egin digute, eta guztietan erakutsi digute beraien alpinismo-jarduerek badutela berezitasunik. Eskuarki, eskalada teknikoak egitez gain, oso ohituta daude mendi ezberdinetan hainbat pareta egun bakarrean lotzen. Edo kronoa helburu hartuta, eskalada azkarrak egiten. Aurkeztu diguten azken jarduera ere azpimarratzekoa da. Urtarrilaren 20tik 23ra, bi italiarrok Furggen, Cervino, Grandes Murailles eta Petites Murailles mendi multzoetako hogei tontor lotu dituzte. Lau egun, beraz, “skyline” edo “Himalaiako ertza, baina etxean” biribildu ahal izateko. Gainera, jarduera hori neguan sinatzen lehen alpinistak izan dira. Horretarako, jakina, lan eskerga egin behar izan dute; izan ere, 50 kilometro eta 4.700 metroko goranzko desnibela egin dituzte. Lerro gutxitan hori da protagonistok burutu berri duten xedea. Cazzanellik berak xehetasun gehiago eman dizkigu: «Lehenik eta behin, esan behar dut jarduera hau mendi garaietan egin ez badugu ere, arriskutsua dela. Ibilbide osoa hotza da, eta estilo garbian eta nahiko azkar biribildu dugu. Baten batek esan dezake mendi txikietan egin dugula; hots, ez dela Himalaian izan. Baina ziurta dezaket oso-oso zaila dela. Hiru saiakera egin behar izan ditugu, eta hirugarrenean arrakasta lortu dugu. Uste dut jarduera honek geure filosofian eragina izan duela; markatu egin gaitu». Horri guztiari, berriz, Rattik honakoa gehitu nahi izan dio: «Biontzat amets bat egia bihurtu da. Mendi hauek bikain ezagutzen ditugu, eta horien atzetik, gainera, historia ederra dago. Nire sokakidearen aitak eta Marco Barmassek lotu zituzten lehen aldiz Grandes eta Petites Murailles neguan, 1985. urtean. Hori gutxi ez, eta nire aitak Grandes Muraillesetan dagoen Ratti izeneko bibaka edo aterpea eraiki zuen. Hitz gutxitan esanda, erabat errotuta dagoen historia gure aurrean genuen. Elkar ezagutzen dugunetik, ertz hauek lotzea helburu izan dugu. Urteen poderioz ohartu gara eskarmentu handia izan behar duzula izaera honetako jarduera bat egiteko. Beste era batera esanda, alpinista zaildua izan behar duzu». Cerviniako bi alpinistok, lehen egunean Furggen izeneko mendilerroko lau tontor nagusiak lotu zituzten: Corno del Theodulo, Breuil, Furggen eta Forca. Horren ondoren, Matterhornera, hots, Cervinora abiatu ziren, eta Antoine Carrelen igaro zuten gaua. Biharamunean, haizete indartsuei aurre eginez, Grandes Murailleseko zenbait gailur zapaldu zituzten: Maria Cristina, Maquignaz, Carrel eta Bianca. Perellin egin zuten bibaka. Hirugarren egunean, bestalde, Grandes Murailleseko gainerako mendiak lotzen jarraitu zuten: Lioy, I due Jumaux, Becca in Guin eta Budden. Lo, berriz, Paolouccioko bibakean egin zuten: «Aurreko egunean ez bezala, giroa ezberdina izan zen oso. Egun perfektua izan zen; mendiaren baldintzak bikainak baino bikainagoak ziren». Eta azkenengo eta laugarren egunean, Petites Murailles zeharkatu zuten: Tour de Creton, Mont Blanc de Creton eta Chateau des Dames. Vofrede de Chateau des Dameseko haranera jaitsi ondoren, oinez Cerviniara joan ziren. Han zuten “helmuga”. Makina bat mendi igo eta lotu dituzte, neguan eta oso denbora onean. Cervino oso ezaguna da gure irakurleentzat; besteak, aldiz, ez hainbeste. Cervino laumilako bat da; beste guztiak, berriz, hirumilakoak. Erabat autonomo Protagonistok aipatu digute Grandes eta Petites Murailles 1985. urteko neguan lotu zituztela lehen aldiz. Eta gehitu nahi izan dute zeharkaldi hori oso gutxitan egin dela: «Guztiak uda garaian izan dira, eta uste dugu soilik 15 sokadak erdietsi dutela hori. François eta Kilian Jornetek ere udan egin zuten. Cerviniatik irten, bi mendilerro horien tontorrak zapaldu eta berriro Cerviniara itzuli ziren. Harrigarria bada ere, soilik egun bateko jardunean sinatu zuten: 10 ordu eta 59 minutu. Denera, 23 kilometro eta 3.300 metroko goranzko desnibela. Gure aldetik beste bi mendi multzo gehitu dizkiegu: Furggen eta Matterhorn mendia». Azken mendi ikoniko hori zeharkaldi osoko “izarra” omen da, baina alpinistok onartu dute “hasiera” baino ez zela izan: «Neguan oso zorrotza da, baina mendi gidariak gara eta Matterhorn ondo baino hobeto ezagutzen dugu. Horregatik guztiagatik jakin badakigu ezin dugula gutxietsi. Biok ala biok mendi horren Furggen ertza eskalatuta dugu. Baina hura saihestu eta lehenbiziko aldiz ‘Piacenza’ bidetik igo ginen. Uste genuen zailtasun handirik ez genuela aurkituko, baina ziurta dezakegu eskalada horrek sekzio arriskutsuak eta ‘interesgarriak’ izan zituela. Bide horrek alarma piztu zuen, eta ohartu ginen oraindik lan eskerga egin behar genuela». Mendi eta ertzen zeharkaldian, italiarrek progresiorako teknika ezberdinak erabili zituzten. Argi dute estiloak garrantzia duela, eta saiatu direla ahalik eta azkarren eta arinen egiten: «Neguan dena aldatzen da, batez ere ertzak. Luze asko egin behar izan ditugu. Sasoi jakin batean sekzio batzuk korrika egin ditzakezu, baina baldintzak zeharo aldatzen direnean, orduan eskalada lasai hartu eta luzeak egin behar dituzu. Bestalde Grandes Muraillesen tresneria finko gutxi dago. Iazko saiakeran, adibidez, eguraldia oso egonkor zegoen eta, gainera, bero egin zuen. Lioy-n elur-perretxiko batzuk zeuden, eta tenperatura haiekin handik igarotzea oso arriskutsua zen. Ekinaldia bertan behera utzi genuen; zeharkaldiaren %80 patrikan genuen!». Rattik eta Cazanellik asmatu egin dute zeharkaldi honetarako aurreikusitako denborarekin. Lau egun izatea espero zuten eta, azkenean, lau egun izan dira. Bizkar-zakuetan eraman zuten tresneriari buruz, alpinistok honako hau esan dute: «50 metroko soka bat, friend joko bat, sei iltze, izotzerako lau torloju, eta mosketoi zein zinta batzuk. Janaria eta gas guztia guk geuk garraiatu dugu». Lau egun horietan tenperatura hotza egin duela onartu dute, baina gehitu nahi izan dute egoera hori onerako izan dela: «Ez da arerioa izan; justu kontrakoa. Zeharkaldi horrek hainbat tarte arriskutsu ditu. Eta kontuan hartu behar da sekzio asko hego isurialdera begira daudela. Jakina, beroarekin handik zeharkatzea arriskutsuegia da». Azkenik, protagonistok onartu dute jarduera gogorra izan dela baina, zorionez, une kritikorik ez zuten bizi: «Lau egun horietako zailena bigarrena izan zen. Punta Biancako hormetan elur asko zegoen itsatsita. Baldintza kaskarrak ziren, eta bat-batean ekaitz batek harrapatu gintuen. Ez dakigu zer pasatu zen, baina eguraldiaren iragarpena aldatu zen. Alabaina, aurrera jarraitzea erabaki genuen. Hurrengo orduetan, lainoa altxatu zen, eta haizeteak baretu ziren. Behin Jumeaux-eko sekzioa gaindituta, argi genuen jarduera amaitu egingo genuela». HIRUGARRENEAN Helburu hori neguan egiten lehen alpinistak izan dira; hiru saiakera behar izan dituzte. Denera, 50 kilometro eta 4.700 metroko goranzko desnibela gainditu zituzten. ESTILOA Zeharkaldi hau egiteko, Cazanellik eta Rattik tresneria arina eraman zuten. Janaria zein gas guztia bizkar-zakuetan garraiatu zuten. XEDEA Urtarrilaren 20tik 23ra, François Cazzanelli eta Francesco Ratti italiarrek Cervinoren ingurumarian dauden hogei mendi lotu zituzten.