GARA Euskal Herriko egunkaria
ANTZERKIA

Tartean eta Berlingo kabareta


Tartean Teatroak sorturiko azken ikuskizunean ohikoa duen komikotasunari heltzen badio ere, gai sakonagoetan murgiltzen zaigu alaitasuna galdu gabe. Oraingo honetan Telleriak umorearen funtzioari eta haren mugei buruzko hausnarketa proposatzen digu kabaret euskarrian. Bertan, barregarriak diren pasadizoak antzeztu, erritmo alaiko kantak abestu eta txisteak aletzen dizkigute antzezleek, betiere, ondo pasa dezagun asmoz. Alabaina, Weimarko Errepublikan hasi eta Adolf Hitler boterera iritsi zen garaiko Werner Fink, Kurt Gerron eta Fritz Grünbam kabareteko komiko judu eta ezkertiar ospetsuak protagonista aukeratu ditu, haien esketxak berriro antzezten,“Simplicissimus” puzzle antzean eraikitzeko. Horrela, ikuskizunak memoria teatrala eginez aurrera egiten du, oholtzako pianoaren musikan bilduta eta Bertold Brechten arima antzokian hegan dabilela antzematen dugula. Mamia, beraz, ez da makala: umorea genozidioren baitan? Kabaretetan ohikoa den bezala, ez dago garatu behar den ildo narratiborik, hau da, ez dago tentsiorik edota soluziobidea eskatzen duen gatazkarik. Erritmo bizia du antzezlanak, eszenografiak oso ondo betetzen du bere lana eta antzezleek beren aldakortasuna erakusten dute. Antzezlanak aurrera egin ahala dentsitatea irabazten du, gertakizun historikoekin batera hiru protagonisten bizitzako xehetasunek argitasuna irabazten dutelako. Emanaldiak omentzen dituen Gerron eta Grünbamen azken funtzioen isla ekartzen du oholtzara amaiera aldera: Berlineko kabaretetik aterata, preso eta nazientzat Auswichtz eta Theresienstadt-en kabareta antzezten ikusiko ditugu, hurrenez hurren. Esanak esan, bistan da Tartean bere erosotasun esparrutik irten dela eta hori are ausartagoa da oraindik, biktima borrero bihur daitekeelako ideia gaurko marko politikoan luzatzen digutenean. Kabareta beti izan da gai serioez barre egiteko tokia, eta horregatik “Simplicissimus”-eko algarak.