GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
VIRGINIA ORMAETXEA
GEOLOGOA

«Ez dago argi luizia zabortegiak ala autobideak eragin duen»

EAEko Geologoen Elkargoko bozeramaile da Virginia Ormaetxea geologoa, «Lur irristatzeak gertatzeko arriskua» gidaren egilekidea. Zaldibarko luiziaren nondik norakoak oraindik argitzea zaila den arren, argibide batzuk eman dizkio GARAri.


Zaldibarko Verter Recycling zabortegian lur jausia jazo zenetik hamar egun pasatu dira eta Virginia Ormaetxearen aburuz, oraindik goiz da ondorioak ateratzeko. Bi langilek desagertuta jarraitzen dute eta lanek luze iraungo dute. Langileen bilaketa lanak berrabiarazteko autobidean eraikitzen ari diren horma bukatzea izango da gakoa, lur gehiago eroriz gero horrek eutsiko liokeelako. Eguraldiarekin ere adi egon beharko dute. Hau guztia epaitegietan bukatuko dela argi dauka.

Langileek diote beraiek sumatu zutela mugimenduren bat.

Hori askotan gertatzen da zabortegietan. Normalean kolapso batengatik izaten da, baina zabortegi barruko mugimendua da. Ziurrenik haiek pentsatuko zuten kolapsoagatik zituztela pitzadura horiek eta konpondu egin behar zituztela, bertatik ura sartuz gero kolapsoa gehituz doalako eta zabortegiko segurtasuna arriskuan dagoelako. Ez zuten espero zabortegiko horma bat eroriko zela. Ez zuten pentsatzen horma txarto egon zitekeenik.

Eremua jada artifizializatua zenez, Lakuak adierazi zuen zabortegiak lurrarekiko ez zuela utziko ingurumen arrastorik.

Bai, horrek esan nahi du lehen zerbait industriala zegoela. Lurren legearen arabera, zuk baldin badaukazu industria dagoen leku bat eta beste industria bat jarri nahi baduzu, kasu honetan zabortegia, ez dago arazorik. Zaborra bota ahala estaltzen joaten zara eta ez du zertan eraginik izan.

Hau da, ondo iragazgaiztuta baldin badago, ez du zertan eraginik izan uretan?

Hori da. Derrigorrez jarri behar dute urak iragazteko sistema bat, tratatu eta analisien arabera berriro lurrera botatzeko. Hori eginda dago. Zabortegian beti botatzen da zerbait organikoa, beti dator nahastuta organikoarekin. Horretarako beti jartzen da metanoa neurtzeko tresna bat. Hori zegoen txarto, horregatik daude orain suak.

Gaizki zegoen?

Metano hori neurtu eta atera egin behar dute. Gaizki neurtzen zutenez, ez zekiten zenbateraino zeukaten metanoa.

Langileak beraiek jakitun izan beharko ziren lurraren egoeraz?

Bakarrik geologoek dakite. 2019an txostena egin zen eta geomekanikoki arazorik ez zegoela ondorioztatzen zen, zabortegia ondo zegoela. Enpresak hori ikusten badu, berdin jarraitzen du. Pitzadura bat ikusten badute, kontu handiz aritzen dira ura ez sartzeko, metanoarekin ere bai; tratamendu plantan ur gehiago izaten dute eta orduan estaltzen saiatzen dira metanoa ez ateratzeko, su ez hartzeko…

Txostenak eginda daude, baina hau gertatuko zela edo lurra arriskuan zegoela jakingo luke geologo batek?

Bai, pitzadurarengatik. Langileek ikusten dituzte marrak eta beren prozedurarekin jarraitzen dute. Konpondu, eta kitto. Baina geologo batek jakingo luke esaten hori ez ukitzeko, lurra mugimenduan dagoela ohartaraziko luke; ez dela zabortegiaren kontu bat, zerbait gehiago dagoela eta kontu handiz aritzeko.

2019ko txostenean agertzen da ez zegoela arriskurik.

Baina agian ez zuten aztertu mendia. Logika guztiz, arduradunak esan dezake berari zabortegiko lurra aztertzeko esan diotela eta ikerketek diote zabortegia dagoen moduan ondo dagoela. Mendia agian ez dago ondo, baina ez da zabortegiaren eremu zuzena.

Lakuak ontzat eman zuen enpresak kontratatutako ingeniariek eginiko ikerketa.

Ingeniari batek sinatzen badu ez dagoela arazorik... Mendia gainera ez da enpresaren eremua, bide sarearen eremua da.

Ingurumen Sailak nota baxua eman zion bere azken txostenean.

Lehenengo baimena 2007an eman zitzaion. Denborarekin gauza asko hainbeste erabiltzen higatu egiten dira eta berriztu egin behar dituzu. Baina langileak daude beraien egunerokoan eta jarraitu egiten dute. Betetzen ez duen baldintza bat agertzen bada aktibitatea gelditzen dute eta zentzu horretan, Eusko Jaurlaritza gainean dago.

Alboratu egin da mendian eduki dezakeen eragina?

Mendia ez da aztertzen. Hasieran bai, zabortegi hori hor jartzeko bai. Ikerketa geoteknikoa egiten da jakiteko nola egituratu guztia eta zein portaera izango duen lurrean. 2005ean egin zen hori.

Ordutik ez da aztertu?

Ez, behin aztertuta suposatzen da mendia ez dela aldatuko. Gainera, zu zaborra estaltzen zabiltza. Estaliz gero, segurtasun aldetik hobea da. Zabortegiko portaera ikertzen da, ez mendia. Berez, zabortegietan mugitzen ez den zerbait da mendia.

Baina mugimendu bat egon da.

Autobidearen aldeko mendian ez zegoen ezer, ezponda bat zegoen. Agerian geratzen direnean harriak meteorizazioagatik joaten da apurtzen. Harri guztietan daude apurketa naturalak –diaklasa deitzen zaie–, eta zabaltzen joaten dira. Behin pixka bat zabalduta, ura sartzen da, hormak jaten ditu, gehiago zabaltzen dira eta erori egiten dira.

Errepidean lanak egin ziren 2014tik 2018ra. Nolako eragina izan dezake honek?

Obra bat egiten duzunean eragina agertzen da. Obra batean ezpondak uzten dituzu eta horiek ondo daudela ziurtatu behar dituzu. Askotan gertatzen da ez daudela ondo. Ez dakigu.

Zabortegian arazoak daudenean normalean ez dira hormak apurtzen; mailak egon daitezke gaizki eta horiek erortzen dira. Horregatik izan da arraroa bide sarearen aldera erortzea.

Zergatik dago Lakua tematuta enpresa pribatu baten arazoa dela esaten?

Nire ustez oso goiz da erruduna zein den esateko. Ondo ikertu behar da. Modelizazio bat egin behar da jakiteko zer gertatu den eta hori beste fase bat da. Orain, dagoena kendu behar dute eta egonkortu.

Egonkortzeko proiektu hori enpresak egin behar du.

Modelizazio hori egitean, egonkortzeko proiektu hori, beti agertzen da zergatia, gutxi gorabehera. Lehen hipotesia atera daiteke. Zabortegiko arduradunak ikusten badu zabortegiak ez daukala eraginik, autobidearen aurka joango da. Beharbada, autobideak ez duelako ondo mantendu ezponda eta horrek zabortegi bati eragin diolako.

Hau da, lan istripu baten erantzule izan daiteke autobidea.

Hor dago koska. Zabortegia baldin bada, Eusko Jaurlaritzak badauka mekanismo guztiak enpresa exekutatzeko, aseguru eta abal bat dago... Baina autobidea baldin bada, Bizkaiko Foru Aldundiak egin beharko du guztia eta indemnizatu egin beharko ditu langileak eta enpresa. Enpresa orain geldituta dago eta geldialdi honek eragin dezakeen kalte ekonomikoa ere bere gain hartu beharko du. Horregatik esaten zuen Aldundiak segituan zabortegia izan zela.

Aldundia sei metroko altuerako horma bat eraikitzen ari da autobidean. Zer erraztuko du?

Segurtasunaren aldetik, bilaketa lanak egitea erraztuko du. Kontuan hartu behar da errepide nagusi bat dela eta ezin duzula moztu epe luzean. Beste egonkortze lanak egitea ere erraztuko du. Horma honekin zerbait jausten bada ez dago arazorik, horren aurka joko du. Hormak geldituko du. Dena den, edozein mugimendurekiko adi ibili beharko dute. Hor administrazio publikoaren ikuspegia da jada bi desagertu daudela eta ez dugula gehiago nahi.

Oraindik ez dakite noiz berrabiaraziko dituzten lanak.

Alde batetik eguraldia dago eta beste aldetik Aldundia eraikitzen ari den horma. Behin horma eginda, bilaketa lanak azkarrago egingo dituzte. Bestalde, zabor hori nora bota eztabaidatzen ari dira oraindik. Leku batetik kendu alboan uzteko, ez du zentzu askorik. Behin hori argitutakoan eta horma egindakoan, posible izango dira bilaketa lanak.

Hondamendi naturala izan da ala gizakiak eragindakoa?

Zer da hondamendi naturala? Nik ikusi dut horren antzerako luizi bat Aramaion. Mendia erori zen, baina ez zegoen baserri zein errepiderik. Ez zuen eraginik izan. Zaldibarkoan autobidea zegoen, egin duzu ezponda bat, bestaldean zabortegi bat dago. Bi obra desberdin daude bertan. Agian izan daiteke hondamendi naturala; beharbada mendiak barruan zuen zerbait eta azterketetan ez da inoiz ikusi, gizakiak ezin zuelako jakin zer zegoen barruan.

Aldundiak droneen bitartez grabatutako irudiak ikusi ditut eta ez daukat argi mendia edo zabortegia den. Zabortegiak bultzatu du mendia ala mendia apurtu da eta hau apurtzerakoan zabortegia jausi da?