17 FEB. 2020 PATAGONIA Siebe Vanheek, hamar egunean, Cochamon hiru pareta igo ditu Sokakide ezberdinekin, eskalatzaile belgikarrak honako hiru jarduera egin ditu: «Jardines de Piedras» bidea (7b+/A2) zabaltzeaz gain, «Sundance»-ri (7c) puntu gorria jarri dio eta «El Condor Pasa» (8b), hots, Txileko «big wall» gogorrena, egunean egin du. Andoni ARABAOLAZA Patagoniako ohiko denboraldia hasi zenetik aste batzuk igaro dira. Pixkaka-pixkaka bada ere, azpimarratzekoak diren lehen jardueren berri jaso dugu. Eta lehenak Txileko Cochamora eramango gaitu. Alderdi horrek ez du Fitz Roy, Cerro Torre, Paineko Dorreak eta beste hainbat erpinen sona bera, baina haran ezberdinetan altxatzen diren hormatzarrak kontuan hartzeko modukoak dira. Abenduan eta urtarrilean, adibidez, Siebe Vanheek bisita egin zion alderdi horri, eta, zalantzarik gabe, aitor genezake bidaia hori, oso eraginkorra izateaz gain, emankorra izan dela oso. Hamar egunean hiru big-wall edo hormatzar eskalatu ditu. Jarduera batean bide berri bat zabaldu zuen, beste batean artifizialean irekitako marra bati puntu gorria jarri zion eta azken bat (Txileko big wall zailena) egunean eta librean eskalatzeko aukera izan zuen. Jakina, eskalada horiek guztiak ez ditu bakarka egin; sokara hainbat lagunekin lotu zen: Max Didier, Diego Diazaguilera eta Ian Siadakekin. Lerrootako protagonistak Cochamon izan zuen lehen “geltokia” Cerro Trinidaden izan zen. Ipar-mendebaldeko horman dagoen “Sundance” zen helburua. Hura igo bai, baina artifizialeko luzeak askatzeko xedearekin. Vanheek berak hedabideoi adierazi digu marra horri puntu gorria jartzeko saiakerak egon direla, eta, asmo hori zintzilik zegoenez, hura biribiltzera abiatu zela: «Cochamora iritsi bezain laster, bertako eskalatzaile batekin hartu-emanetan jarri nintzen. Diego Diazaguilera du izena, eta kide honekin hormatzarren bat edo beste era askean eskalatzeko aukera aztertu genuen. Diegok pareta horiek bikain baino bikainago ezagutzen dituenez, ‘Sundance’ bidea proposatu zidan. Eskalada hori mitikoa da, besteak beste, goi mailako bi eskalatzailek, Grant Farquhar eta Simon Nadinek, 1988. urtean zabaldu zutelako. Garai haietan, Nadine, adibidez, lehen lerroko eskalatzailea zen; jakin bazekien zer zen Munduko Kopa bat irabaztea. ‘Sundance’-k 22 luze ditu, eta honako zailtasuna: 7a+ eta A2. Haran horretako eskalatzaileek adierazi ziguten bide hori era askean ez zela eskalatu. Beraz, neure buruari zer esan nion: ‘Siebe, Sundance helburu perfektua da!’». Sokada horrek xede bezala hartu zuen marra hori hormatzarraren erdi-erdian dago, eta lehen bost luzeak askatu gabe zeuden: «Lehen bi luzeei dagokienez, aurreratu behar dut soilik bi saio behar izan nituela era askean gainditzeko. Ez nuen lan eskergarik egin behar izan, baina bederatzigarrenak buruhausteak eman zizkidan. Borroka handia izan zen, batez ere oso zikinak eta tenteak ziren artesietan. Horretaz gain, trikimailuren bat edo beste asmatu behar izan nuen. Artesi zikinak eta itxiak saihestu ahal izateko, tximinia batean sartu nintzen. Ez dakit nola, baina ez nuen erorikorik izan. Ez zen eskalada erosoa, baina, hala eta guztiz ere, ez nuen etsi. Sekzio hori gainditzen saiatzen ari nintzenean, nire hankak zein bizkarra oso tentso zeuden. Paretan itsatsita geratzeko dena eman nuen. Bideak duen luze gogorrena izan zen. Giltza hori askatu ondoren, artifizialean zabalduta zeuden beste hiru luzeri ekin nien. Hauek guztiak askoz samurragoak izan ziren; besteak beste, hain tenteak ez zirelako. Artifizialeko luze guztiak bukatu ondoren, sekzio errazago batzuetara heldu nintzen». Jarduera honi dagokionez, esan behar dugu eskalatzaile belgikarrak luze guzti-guztiak lideratu zituela. 16 orduko eskaladaren ondoren, sokada hori Cerro Trinidaderen gailurrera iritsi zen: «Bai, luze guztiak sokaburu egin nituen, eta horregatik nire kide Diegoren laguntza, babesa eta konfiantza eskertu behar ditut. Nahiz eta oso sasoiko nengoen, helburu hori lortu ahal izateko borroka handia behar izan nuen egin. Marraren giltzarentzat 7c mailako proposamena egiten dut. Hori bai, garbia egongo balitz. Baina egun dagoen egoeran uste dut 8a dela. Eta hori diot artesiak oso zikinak zeudelako, eta geure buruak babesteko komeriak izan nituelako. Oro har, eskalada guztia zailtasunean iraunkorra da; arnasa hartzeko ia ez duzu betarik». Beste bi Bigarren helburua Trinidad Central izeneko horman izan zuen. Urtarrilaren lehen egunetan “El Condor Pasa” bidera Max Didier frantziarrarekin abiatu zen. Vanheek adierazi duenez, xede arras erakargarria zen, Cochamoko marra zailena delako: «20 luze ditu, eta gehienez 8b zailtasuna gainditu behar da. Bidearen giltza era askean eskalatzeko aukerarik izan ez genuenez eta eguraldia gaiztotzen ari zenez, saiakera bertan behera utzi genuen. Atseden hartu ondoren, berriro itzuli ginen. Eta hamar orduko eskaladan helburua biribildu genuen. Beraz, era askean eskalatzeaz gain, egunean egin den lehen igoera izan da. ‘El Condor Pasa’ nik kateatu nuen, eta igoera osoan soilik eroriko bat izan nuen; hain zuzen ere, luze zailenean. 50 metroko luze tekniko horretan (helduleku txikiak ditu, eta oreka mantentzea ezinbestekoa da) helduleku bat puskatu zitzaidan. 15 minutuko atsedena hartu nuen, eta bigarren ekinaldian bilerara heldu nintzen. Eguzkia agertzeko pronto zegoenez, azkar mugitu behar izan nintzen. Bigarren saiakera horretan dena ondo joan zen: akatsik zein estresik gabe igo nuen». Bide horretan era askean egin den bigarren igoera izan da, eta lehena egunean. Puntu gorria jarri ziotenak eskalatzaile eslovakiar batzuk izan ziren, orain dela lau urte. Bidearen izaerari dagokionez, Vanheek esan du oro har plaketan eskalatzen dela eta oso ondo ekipatuta dagoela: «Bide hori une jakin batzuetan agerikoak diren artesietatik igarotzen bada ere, paraboltak jartzea erabaki zuten. Eta ulertzen dut erabakia, artesi horiek zikinak eta itxiak direlako». Era askean eginiko bi jarduera horiek sinatu ondoren, eskalatzaile honek ukitu gabe zegoen pareta bat eskalatu nahi zuen. Horretarako, Cerro la Sombrara joan zen. Didier eta Ian Siadak sokakide izan zituen. Hainbat aukera aztertu eta aipatutako xedera hurbildu ziren: «Oihanean ibilbide deserosoa egin genuen. Bederen, 20 metroko plataforma bat aurkitu eta inoizko bibak atseginetarikoa egin nuen. 16 ordu behar izan genituen ‘Jardines de Piedras’ zabaltzeko. 16 luze ditu, eta 7b+/A2 zailtasuna. Bidearen hasiera erraza zirudien, baina segituan ohartu ginen eskalada interesgarria, teknikoa eta tentea izango zela. Laugarren luzean, diedro batean, artesi fin bat zegoen. Lehen 30 metroak librean (7b+) egin nituen, baina hurrengo 30ak oso zikinak eta tenteak ziren. Zoritxarrez, hauek artifizialean gainditu behar izan nituen. Sekzio hori A2 da. Bidearen giltza, alegia». Ondoren, hiru luze zituen diedro batean sartu ziren. Ia dena librean sinatu zuten; soilik zikinak eta hezeak zeuden metro batzuk geratu zitzaizkien zintzilik: «Uste genuen zailtasunak atzean utzi genituela, baina tontorrera heltzeko falta ziren azken sei luzeetan asko borrokatu ginen. Batez ere 11. luzean. Hau ere oso zikina zegoen, eta metro batzuk artifizialean egin nituen». ERA ASKEAN Eskalatzaile belgikarrak Cerro Trinidadeko «Sundance»-ri puntu gorria (7c) jarri zion. Trinidad Centralen, berriz, «El Condor &bs;Pasa» (8b) egunean egin den lehen igoera askea erdietsi zuen. BIDE BERRIA Cerro la Sombran, berriz, bide berri bat sortu zuen: «Jardines de Piedras» (7b+/A2). Jardun horretan Max Didier eta Ian Siadakekin jardun zuen. PATAGONIA Siebe Vanheek Txileko Cochamora egin duen espedizioan azpimarratzekoak diren hiru jarduera sinatu ditu hamar egunean.