GARA Euskal Herriko egunkaria
saski baskonia

Etenaldi luzea amaituta, Zalgirisen aurka berrekin behar lehiaketari


Hilaren 9an jokatu zuen Kirolbet Baskoniak orain arteko bere azken norgehiagoka, eta, Koparen etenaldia dela-eta, «denboraldi-aurre» txiki bat egin behar izan du lehiaketen martxa berriz ere hartzeko. Euroligan, hasteko, gaur 21.00etan Zalgiris Kaunasen bisita jasoko du talde gasteiztarrak Buesa Arenan.

«Jokalariek nahiko lan ona egin dute egun hauetan eta baikorra naiz hemendik aurrera egingo dutenari buruz. Baliteke Zalgirisen aurka lehen minutuetan martxa hartzea kostatzea, egun asko baitaramatzagu partidarik jokatzeke, baina lehiakorrak izango gara», esan zuen atzo Dusko Ivanovicek kazetarien aurrean.

Lehiakor, bai, eta izan beharko, behetik gorantz doalako talde lituaniarra. Baskoniak bezala, 9-15eko balantzea dauka Saras Jasikeviciusen taldeak, aurreneko hamabost jardunaldietan hiru garaipen bakarrik lortu bazituen ere. Euroliga hogeita bosgarren jardunaldira iristen den honetan, badu meritua sailkapeneko azken postua atzean utzi eta zortzigarrenarengandik –Armani Milano– bi garaipenera baino ez izateak.

«Ongi entrenaturiko taldea da, pazientzia handikoa. Azken muturreraino luzatzen dituzte erasoak eta, beraz, 24 segundoetan defenditu beharko dugu», ohartarazi zuen Ivanovicek.

Eta Pierria Henry?

«Jokalari guztiak daude jokatzeko», gaineratu zuen Baskoniaren entrenatzaileak. Baina seguru asko Pierria Henryk ezingo du jokatu.

«Orain arte Henry ez da taldekideekin entrenatu. Ea gaur –atzo– gauean... Printzipioz, ez du jokatuko. Ikusiko dugu...», amaitu zuen Ivanovicek.