21 FEB. 2020 JOPUNTUA «Lawfare» Maria del Rio Zuzenbidean doktorea Gero eta gehiago zabaltzen ari den termino ezezagun horietako bat da lawfare. Atzean, politikaren judizializazioa dago, helburu politikoak direla medio «gerra judiziala» erabiltzea. Edo beste era batera esanda, lege baliabideak bidegabe erabiltzea jazarpen politikorako, aurkari politikoa hondatzeko asmoz. Ez da berria; estrategia arbuiagarri horren adibide garbia Brasilgoa da, baina ez bakarra, Latinoamerikako ezkerreko beste gobernuen aurka ere erabilia izan da. Fenomenoa asko hedatu izan da herrialde horietan. Arrazoiak, besteak beste, nazioartean zabalduta dagoela ustelkeria eta segurtasunik eza direla lurralde osoaren oinarrizko arazoa. Horrek errazten du zenbait neurri zuzengabeen legitimazioa, adibidez, bultzatu diren pribatizazio estrategiak edo justizia sistemaren birmoldaketa prozesuak. Betiere, interes geopolitiko askotarikoak tartean direla, bereziki elite ekonomikoenak eta Ameriketako Estatu Batuetakoak. Dena dela, estrategia eraginkorra izateko ez da nahikoa botere judizialaren ekarpena, funtsezkoa da, halaber, komunikabideen eta sare sozialen lana, aurkari politikoaren desmoralizazioa eta aipu-galtzea bereziki, eragina baitu iritzi publikoan. Komunikabide horiek zenbat eta kontzentratuagoak egon, orduan eta errazagoa izango da euren manipulazioa, eta are handiagoa euren eragiteko gaitasuna. Edozein modutan, ezin esan fenomeno isolatua denik. Hasiak gara fake albisteek duten garrantzia aitortzen. Eta bestetik, ezagunak zaizkigu zigor zuzenbideak pairatzen dituen beste korronte ez-demokratikoak, esaterako, etsaiaren eta lagunaren zigor zuzenbidea; edo populismo zigortzailea. Kasu horietan guztietan, zuzenbideak ez ditu demokraziaren oinarriak behar beste errespetatzen, hortaz, ez du bat egiten giza eskubideen printzipioekin. Politikaren judizializazioa ez zaigu guztiz arrotza. Ez da beharrezkoa itsasoz bestaldera joatea adibideak asmatzeko. Tamalez, ez dirudi botere banaketaren urradurak amaitzear daudenik, eta oraindik ere botere judizialaren gehiegikeriak pairatzen jarraituko dugu. Ezagunak zaizkigu zigor zuzenbideak pairatzen dituen beste korronte ez-demokratikoak, edo populismo zigortzailea. Kasu horietan guztietan, zuzenbideak ez ditu demokraziaren oinarriak behar beste errespetatzen