Arantxa Manterola
Kazetaria
JOPUNTUA

«Don Limpio»

Zaldibar inguruko herritarrak burutik kendu ezinik nabil azken asteotan eta uste dut, ni bezala, Zubietako «Ingurumen gunearen» aldean bizi garen asko ere antzeko dabiltzala. Izan ere, oraindik ofizialki abian jarri ez badute ere, badira pare bat hilabete kezkaz begiratzen ditugula munstroaren tximiniek probaldietan jaurtitzen dituzten ke adarrak.

Zaldibarren jazotakoak kezka urduritasun bihurtu du; zeresanik ez, Jose Ignacio Asensiok etxe hondakinez gain, industria eta merkataritza jardueretatik eratorritako hainbat hondakin ere bertan «tratatzeko» asmoa azaldu duenean. Hori bai, argi esan du hondakin «ez-arriskutsuak» izango liratekeela (Zaldibarren ere teorian halakoak pilatzen omen ziren, ezta?).

Beren (EAJ+PSE) ahalegin eskergari esker, orain Gipuzkoak dauzkan «instalazio modernoekin» –hots, Zubietako erraustegia– zarama, zikinkeria eta enparau guztiak bukatzeko gaitasuna duela ziurtatu du, harro, Ingurumeneko diputatuak, alias Don Limpio. Don Limpio berdea, jakina, ze ekonomia zirkularrean oinarritutako kudeaketa sistema dela dio gorritu gabe, denok dakigunean hemen, zabor piloa ez ezik, Urbaser eta konpainiaren poltsikoetara joango den dirutza dela bapo zirkulatuko duena!

Lurra, ura, airea eta planeta bera kinka larrian jartzen ari den zaborren arazoa guztion ardura da eta nola aurre egin ere bai, are gehiago egun agintean daudenek kapitalisten diru gosea asetzea naturaren eta herritarren segurtasunaren aurretik jartzen dutenean. Otsailaren 6an jazotako giza eta ingurumen tragediatik zerbait ikasiko duten esperantza gutxi daukat, baina espero dut arinkeriaz eta arduragabekeriaz arazo honetaz eskapo egiten duten zenbait herritarrentzat ikasgai izango dela.

Eta fatalismotik edo erosotasunetik ezin dela deus egin diotenei, Julio Anguita Kalifak aspaldi zioena gogoraraziko diet: zure esku daukazu bitarteko bat; gutxienez ez lagundu zure botoarekin. Apirilaren 5ean aukera dute bederen keinu hori egiteko ez badute lelo anarkista zahar hark zioena gertatzerik nahi: gero ez kexatu zure eskuek kaka usaina badute.