Maider Eizmendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Ilunbistan

Ondo zer nahi dudan jakin gabe nabil dendan bueltaka eta horrelakoetan lagungarri bezain etsigarria da pertsona bat gerturatu eta zertan lagun zaitzakeen galdetzea. «Leihoetarako gortina batzuk», esan diot, eta «zein modutakoak?», berak azkar. Bada, ez dakidala onartu eta bere atzetik abiatu naiz. Uste baino aukera handiagoa topatu dut eta kolore eta bestelako ezaugarriei erreparoan jarri aurretik beste galdera bat egin dit: «Ilunak ala argiak nahi dituzu?». Sumatu du, antza, nire aurpegian zalantza eta nik hobeto ulertze aldera zera esan dit haurrei ematen zaien azalpenen tankera eta tonu berean: «Ilunekin kanpokoek ez zaituzte ikusiko eta argiekin, berriz, bai». Eta nik? Nik zer ikusiko dut horrela?

Gortina itxiek gero eta ohikoagoa den gotortzeko joera areagotzeko aukera ematen digutela uste dut. Ez dira horrenbeste urte pasa, baina aspaldian ahaztu genituen atea arrimatuta utzi eta txapinak aldatu gabe ogia erostera joaten ginen sasoiak, edota edozein aitzakiarekin gerturatzen zen bizilagunari sukalderainoko bidea egiten genion garaiak. Orain, oporretara joan behar eta etxeko landareak urez gainezka uzten ditugu eta itzulitakoan indarberritzeko moduan badaude, aurrera, eta, gainerakoan, zakarretara bota eta berriak erosten ditugu. Zertarako endredoa. Bai, horraino iritsi gara. Etxekoak etxean ilunbistan eta kanpokoak... ba horixe, gortina ilunen lausoan.

Elkartasuna edota enpatia bezalako hitzek benetako esanahia izan dezaten etxeko atean jarritako lanpasetik urrunago luzatu behar da begirada ezinbestean, eta ez gainera zeharka, txutxu-mutxu errazean aritzeko soilik. Horregatik ez bada, ordea, izan dadila behintzat gortina ilunek eskaintzen duten babesari probetxu atera nahi dien horien jarduna trakesteko; gure alde egin beharko luketen, baina sarri, arduragabe eta gehienetan inoren poltsikoaren mesedetan jokatzen duten «arduradunen» jardunari erreparatzeko. Gutxien-gutxienez, horretarako.