Mikel Aramendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Larrutik ordainduta

Kostata, larrutik ordainduta; baina esan liteke izurritearen gakoa gainditzen ari dela Txina. Igandean, bere agintaldiaren bereizgarri bihurtu dituen streaming bidezko agerraldi horietako handienean –zintzo-zintzo maskara aurpegian zutela nork bere herrian oharpenak hartzen zituzten Alderdiko 170.000 koadro nagusi zituen entzule; hartuko lituzke gure herriko apaizak– optimismoa oso neurrian erein bazuen ere, duela hilabete edukitako osasun-desafioa («70 urte hauetako latzena’») irabazten ari zirela esan ez ezik sinetsarazi egin zuen, nik uste.

Gaitza perimetro jakinetan ia hesituta ipini dutela aditzera ematen dute datuek, eta korrika eta presaka atondutako ospitale-megasistemara heltzen diren gaixo berriak baino askoz gehiago direla osatuta ateratzen direnak, duela hainbat egunez geroztik. Beraz, sistemak pairatzen duen presioak ere samurtzen ari behar luke. Haren nekea, ordea, berea egiten arituko da. Eta ospitaleratuta geratzen diren askoren larritasuna areagotzen arituko denez, topea jotzetik oso urruti legoke heriotza-kopurua. Gaitzari buruzko ezagutza oraindik eskasa denean, gainera.

Nolanahi ere, gaitzari begirik kendu gabe, ekonomia berrabiarazi beharraz ere hitz egin zuen Xik, eta haren lorratzean Alderdiko bozeramaile guztiek. Horrek berak adierazten du lehentasunen txandaketa. Esan gabe doa larrutik ordaindu duela izurritea, gizarteak ez ezik, Txinako ekonomiak ere. Kalteak neurtzea izango da lehendabiziko eginkizunetako bat. Nola konpondu, ondorengoa. Tartean, seguruenera, kontu-garbitze politikoak ere izango dira, orain artekoak baino zabalagoak.

Fribolitate ikaragarriz jarraitu da, oro har, tragedia hori Mendebaldean. Orain arte. Hanpuruskeriaz? Azterketa Txinarentzat soilik izan behar zela uste zelako, besteak beste. Bartzelonako MWCrekin gertatua ulertzea batzuei zenbat kostatu zitzaien ikusi besterik ez dago. “Diamond Princess” gurutzaontziaren berrogeialdiaren katastrofea etorri da ondoren. Eta Hego Koreako Daegukoa. Eta Italiako Lombardia eta Venetokoa…

Larrutik ordaindu beharko da edonon ere.