Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Zaporeak

Kafe usaina zerion auzoari. Soilik kafe usainak baretu zezakeen ikarak jota loak ezin hartu zebilen kez betetako ziutatea. Kafe usaina zerion 1976. urteko Zaramaga auzoari eta horixe da gris koloreko hiri kolpatu bati babes emateko modurik goxoenetarikoa. Ordu txikitan ere, kafe usaina zerien ateak zabalik zituzten auzoko etxeei. Denentzako aulkirik ez zen sukaldeetan, baina inori ez zitzaion katilu berorik falta. Kafe usainaren bidez mintzo ziren etxe haiek eta ateak zabalik zituztela esaten zieten Poliziaren armetatik ihesi zebiltzan borrokalariei, ametsen eta justiziaren borrokalariei.

Ke-potoek zabaldutako itsutasunari kafe usaina gailendu zitzaion martxoko egun haietan. Usainek, sarri, babesa esangura dutelako. Usainekin, maiz, etxerako bidea topatzen dugu galduta gaudenean. Usainek, zaporeek, dar-dar batean gaudela berotasuna sentiarazten digutelako. Usainek, zaporeek, besarkada baten moduko sentipena eragiten digutelako etsita gaudenean. Babes sentsazioaren sinonimo dira usainak eta zaporeak.

Orain, itsuarena egin dezakegu, baina kiratsa besterik ez dario gure kontinente zaharrari. Usteldu zaizkio orube eta oinarri denak eta bertan jada ez dute babesik topatzen galduta eta ahul diren iheslari horiek denek. Zaporeak kolpatu dituzte, elkartasunaren, gizatasunaren eta errukiaren sinonimo direlako.