GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Udaberri beti berri


Beti argi», esaten zidan batek... «beti dotore», besteak... «beti alai eta loredun», haranzkoak... «beti umil eta pozik», taldeko apalenak... «bestela ez duk udaberri», gure bakezaleak...

Arantzazuko inguruak bixtatu orduko, non argiago, nolako margo punttak, zein aldapa politago, eguzkia noiztsu den alaiago, Urbialdean orduan lasai eta naturalago... bada non eta zeri erreparatu!

Oraingoxe kontuak ditugu hauek, martxoak bere martxa hain argi eta koloretsu, lanbro bixidunak tartekatzen ditueneko gozagarri hauek eskaintzen baitizkigu. Halaxe abiatu zaigu martxoa joan den igandean. Baina martxo dantxariak badaki beste muturtxoa erakusten ere: otsail axkarra aurreratu zitzaion eta egun bakeoso franko aurrez hartu ere bai.

Gaur bertan, ostiralak berekin duen okerrerako sona atzo arratsetik gogoratu nahi izan dio. Nolanahi ere, argia, dotorezia, mendi txurituak, hor ditu zuhaitz adar-puntta berdez lehertzear direnak... Paraje bakoitzari dagokiona: Oñati behean eta beste errekondotan badaki izotz punttuaz egoki txuritzen. Noski, horrek zuhaitzen hostotxoa pipittetan bilduta mantentzen du, askatu eta zabal ezinean: mendi masail epelagootan, aldiz, lizarraren hostotxoak guztiz aurreratuak dauzkagu: luxatuak, berde berri iluntxo, noiz berde argitan bixtanduko.