07 MAR. 2020 JOPUNTUA Aldaketa haizeak Breoganen lurrean Floren Aoiz @elomendia Galiziako hauteskundeak EAEkoekin batera eginen dira, apirilaren 5ean. PPk izan du hango gobernuaren kontrola azkenengo urteetan, baina orain gehiengo alternatibo baten aukera jarri da mahaiaren gainean, besteak beste, BNGren indartzeari esker. Lehia gogorra izanen da, eta, beraz, goizegi da PPren zikloa agortutzat emateko, baina alderdi honen higaduraren isla ikusgarria da, beste gobernu formula bat osatzeko aukerak espektatibak piztu dituelarik. Gurean ederki dakigunez, ez da sinplea zilegitasun edo erreferentzialtasun galeraren eta boto mailako jaitsieraren arteko lotura. Kausa-efektu kate mekanikoetan sinestea arriskutsua da, politikaren konplexutasuna alde batera uzten delako. Izan ere, alternatiba baten irudikapenak aldaketaren aldekoak pizten ditu, erronka egingarri baten erakargarritasunari esker, baina, une berean, aldaketaren kontrakoen mobilizazioa ere ekartzen ahal du. Halako polarizazioen emaitza ez dago aurretik idatzita, ez dezagun ahantz! Hori ez da, edonola ere, zalantza bakarra. Hauteskunde hauetan ikusiko da galiziar nazionalismoaren eta espainiar eskalako ezkerraren arteko elkarlan elektoralaren hautua itxitzat ematen ote den. Apustu hori egin zuten zenbait lagunek bat egin dute BNGrekin egunotan. Haien artean FPGko buru izandako Mariano Abalo eta Anovako kide eta En Marearen izenean Madrilen diputatua izan zen Alexandra Fernandez. Indar bilketa gertatzen ari da Ana Pontonek lideratzen duen hautagaitzaren inguruan, eta, epe luzeko prozesua bada ere, hurrengo hauteskundeetan oihartzuna izanen duela pentsa daiteke. Zauri sakon eta mingarriak ireki dira Galiziako esparru nazionalista-subiranistan azken hamarkadetan. Denak ez badira, batzuk behintzat gainditzen ari dira, eskuzabal eta ikuspegi estrategikoaz aritzeak ateak irekitzen baititu: zubigintzak fruituak eman ditu. Breoganen etxea da Galizia, elezaharren arabera, eta uste dut badaudela hara begiratzeko arrazoiak. Zauri sakon eta mingarriak ireki dira Galiziako esparru nazionalista-subiranistan azken hamarkadetan. Denak ez badira, batzuk behintzat gainditzen ari dira