GARA Euskal Herriko egunkaria
ZIRIKAZAN

Egin zeure sareak!


Txoko honetara gerturatu ohi zaretenok badakizue: ez ditut batere maite sare sozialak, eta asko kezkatzen nau zer-nolako erabilera ematen zaien, gazteek bereziki. Kalean jazotzen direnen hedapena ahalbidetzen dute, onerako eta txarrerako, baina txarrerako beren berezitasunekin, anonimotasunak, adibidez, dakartzan koldar pila baten ankerkeriaz bustiriko kolpeekin.

Alabaina, bizi izaten ari garen egoera zeharo surrealista eta, nire iritziz, alderdi politiko eta sozialetik arriskutsuan (ikusteko dago, eta bihotzez espero dut oker ibiltzea), haien alde egin nahi dut. Izan ere, asko laguntzen ari zaizkio milaka laguni, gauza benetan polit eta hunkigarriak egiten eta zabaltzen ari da denetariko jendea bertan, helburu bakarrarekin: auzokideak, lagunak, ingurukoak, senideak, ezezagunak eurak ere… inortxo ez sentitzea bakarrik, fisikoki bakarrik eta isolaturik bizitzen egon arren, inor ez sentitzea behar baino espetxeratuago; halaber, jendeak bere burua adierazi ahal izatea, laguntza eskatu ahal izatea, bide zabal eta ibilbide luzeko horiek izatea horretarako, beharra badu, eta ziur nago milaka pertsonak badutela beharra, are premia ere.

Gu, munduaren alde honetan gaudenok, etxebizitza gutxi-gehiago arruntetan bizi garenok, goxo asko gaude giltzapetuta, eta jakin badakigu deskuiduz kutsatzen bagara ere ondo artatuak izango garela gure osasun-sisteman. Gu, munduaren beste aldeak ere gogoan ditugunok, ordea, sare sozialen bidez jasotzen ari gara han benetan gertatzen ari denaren berri, aurreko pandemia guztiek (pobrezia, sexismoa, arrazakeria…) ustekabeko pandemia honetan gaineragiten ari direnen berri, gure telebistak lurralde-zilbortxoari begira baino ez kontatzen digunaz harago. Bada, oso gauza ona iruditzen zait ez ahaztea mundua ez dela hemen amaituko, gerora ere munduak mundu izaten jarraituko duela, eta guk gu, eta haiek haiek; mendebaldekook ere inolako diskriminaziorik egin gabe jo gaituen birusa mendean dagoenean, ez garela geu izango, preseski, izorratuenak, desesperatuenak eta ahantzienak.

Orain, sare sozialetan, gure auzo, herri eta hirietako benetako sareak, zaharrak zein berriak, are gehiago eta azkarrago zabaltzen ari dira. Albiste ona da, norbere berezitasunekin bizi izaten ariko diren egoera-mota guztiak kontuan hartuta, aurreko pandemiaren bat jasaten ari ziren horien larruan jartzeko ahalegina eginda, eta funtzionatzen ari dira, jendea babestuago gaude, baita erabateko babesgabetasunean gaudela esaten ari zaizkigun horien aurrean ere. Ez ahaztu!