Maider Eizmendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Abiadura murrizteko ere nahikoa lan

Zientzialari bati entzun nion, orain aste batzuk, koronabirusaren arazoa denbora errealean bizitzen ari ginen lehen osasun krisia zela. Birusak oraindik ez zituen Txinako mugak ia gainditu; orain denbora errealean eta lehen pertsonan bizi dugu. Psikologo bati irakurri diot berriz, gure buru osasuna zaintzeko ahalegindu egin behar dugula burua askatzen, arazoaz gehiegi ez pentsatzen, etengabe koronabirusaren inguruan ez mintzatzen... baina zaila, oso zaila da, gure egunerokoa horren mugatua dugunean.

Etxeratuta hamar egun daramatzagu, baina lau pareta artean sartuta egonda ere, inoiz baino munduratuago gaude; ordenagailu eta telefonoetako pantaila txikiak leiho handi egin ditugu eta. Eta han, informazioaren itsaso handian ari gara igerian, irribarreak eragiten dituzten parodien eta barruan sumatzen dugun ezinegona arinduko diguten “egia handien” bila; tentuz ibili beharra dago, halere.

Krisiak eztanda egin zuenetik, ehunka dira Covid-19 famatuaren inguruan argitaratu diren zientzia artikuluak; ikertzaileak ere azkar ari dira lanean, azkarregi akaso. Argitaratu diren ikerketetako batzuk ezkutura eraman dituzte berriz, akatsak zituztelako edo bete beharreko prozedurak osatu gabe zituztelako. Agian beranduegi, dagoeneko itsaso zabalean zebiltzalako eta titular bat baino gehiago emana zutelako. Abiadura eta zientzia ez dira inoiz ondo ezkondu. Hausnarketa eta denbora behar du ikerketak eta emaitza azkarrak, berriz, finantzaketa banatzea egokitzen zaion agintariak. Ospea eta dirutza handia dago jokoan.

Ondo bideratu gabeko azkartasun horrek eta informazio faltsuek dugunaz gainera beste krisi bat eragin dezakete, sinesgarritasunarekin eta beldurrarekin lotutakoa. Horregatik da garrantzitsua itsaso handietan baino gehiago, gertuagoko uharte txikietan erreparatzea.

Argi dago krisi honek geldialdia eta hausnarketa agintzen dituela, baina kosta egingo zaigu abiadura murrizteko ere nahiko lan dugunean.