Iker Pouk hogei urte daramatza bederatzigarren esferan «zintzilikatuta»
43 urteko eskalatzaile gasteiztarrak 9a mailako beste bide bat kateatu berri du. Mallorcako «Guggenheim»marraren lehendabiziko igoera izan da, eta Pouk nabarmendu du erresistentzia asko eskatzen duela.
Irakurleren batek esango du Iker Pouk 9a mailako bide bat kateatzen duen bakoitzean jarduera hori ez dela notizia bihurtu behar. Eta hein handi batean, arrazoi osoa du. Batez ere, gasteiztarrak kirol eskaladan duen ibilbidea ikusita. Dagoeneko, antza denez, 9b zailtasunera heldu da. Eta hori duela pare bat urte Margalefen egin zuen “Artaburu” igo eta gero. Lehen igoera izan zen, eta marra horrentzat ez zuen proposamen argirik egin. Baina badirudi 9b inguruan egon daitekeela.
Kontua da Pouk 43 urte dituela, eta hogei urte daramatzala bederatzigarren esferan. Eta gure ingurumarian bi hamarralditan zehar maila hori mantentzen dutenak oso-oso gutxi dira. Bakarra da Euskal Herrian.
Duela hogei urte Frankenjuran “Action Directe”-ren hirugarren igoera sinatu zuenetik, maila horretakoak edo gogorragoak diren hogei bide eskalatu ditu. Horietako gehienak 9a mailakoak dira, baina tartean 9a+ batzuk (“Demencia senil”, “Big Men”...) eta balizko 9b bat (“Artaburu”) ere sartu behar dira. Orain, berriz, 9a zailtasuneko beste proposamen batekin azaldu zaigu. Beste bat, beraz, bere kirol eskaladako curriculum ikusgarriarentzat.
«Guggenheim»
Eskalatzaile arabarrak “Guggenheim” izena jarri dio martxoaren hasieran kateatu duen marrari. Mallorcan izan da, eta honako hau dio egin duen jardueraren inguruan: «Alarma egoera indarrean sartu baino hamar egun lehenago ‘Guggenheim’-ekin egin nintzen. Kirol eskaladan esku artean izan dudan nire azken xede nagusia izan da. Ezaugarriei dagokienez, aurreratu behar dut erresistentzia handia eskatzen duela. Beste era batera esanda: ia-ia ez duzu ez atsedenik ez arnasarik hartzeko modurik. Argi dut mugara eraman nauen jarduera izan dela».
Nahiz eta “Guggenheim” bideari garrantzi berezirik ez dion eman –soilik bere sare sozialetan argitaratu du eta oso labur–, Pou pozik agertu da azken bi hamarraldiotan kirol eskaladan eman duen maila ikusita: «Niretzat garrantzitsua da. Zailtasun horretara heltzea zailagoa da esfera horretan urte luzez mantentzea baino. Hori bai, kontuan hartu behar da urtean zehar makina bat espedizio alpino egiten ditudala. Beraz, soilik kirol eskaladan erabat zentratuta egotea arras zaila da niretzat. Espedizio baten ondoren kosta egiten zait sasoia berriro eskuratzea. Baina, burugogorra naizenez, azkenean lortzen dut».