03 ABR. 2020 JOPUNTUA Konfinamendutik Mikel Ibarguren Idazlea Esan gabe doa egoeraren larriak hausnarketa sakon bat eskatzen duela. Eta horretan laguntzeko autore zenbaiten iritziak, betiere ikuspuntu sozial batetik, kontrajartzea ezinbestekoa iruditzen zait. Zentzu horretan, Santiago Albaren aldaba zentzagarria daukagu esanez demokratizaziorik ezaren eta populismoen garai arriskutsuan bizi garela eta krisi honek are arriskutsuago bihurtzen duela egoera. Argi ibili beharra dagoela ohartarazten digu. Marina Garcesek, berriz, bai ala bai, oraingo honetan ikusten ez duguna edo ikusi nahi ez duguna begien aurrean jarri beharko dugula esaten digu. Slavoj Zizeken iritziz, kapitalismoaren aroarenak egin du, ezin izango du egoera hau gainditu eta, beraz, aukera paregabea dugu bestelako jendarte bat berrantolatzeko. Aitzitik, Byung-Chul Hang filosofo hegokorear estimatuak dio ezetz, kapitalismoak beti bezala bere burua berrasmatuko duela eta, krisi bakoitzean egiten duen gisan, berrantolatzeko gai izango dela. “Jendarte nekatua”-ren autoreak gizakia errendimenduaren subjektutzat dauka eta jendarte mota honetan norbera bere buruaren aurka borrokatzen da batez ere. Ulrich Beck alemanak, zentzu berean, gurea arrisku-jendartea dela esaten digu. Etengabeko hazkundearen eta aberastasunaren gurpilean sistema honek berekin dakartza era guztietako arriskuak. Adela Cortinak gehiegizko polarizazioan bizi garela diosku. «Adiskidetasun zibiko» aristotelikoa indartzeko aukera dugula dio. Azkenik, Pierre Rabhi desazkundearen sortzaileak ohiko xalotasun eta erradikaltasunarekin dio sistemak gizateria alienatua duela, kapitalismoak gizakia erabat bahitua duela. Auzolana eta elkartasuna direla antidotorik hoberenak. Galdera berez dator. Gure zilbor egozentrikoari begira egon beharrean, paradigma aldaketa baten aurrean gaudela oharturik, ez ote genuke munduan egoteko eta izateko modu berri bat hartu beharko? Solidarioak bagara biziko omen gara, bestela hilda gaudela dio Rabhik. Bidegurutzean gaude. Gure zilbor egozentrikoari begira egon beharrean, paradigma aldaketa baten aurrean gaudela oharturik, ez ote genuke munduan egoteko eta izateko modu berri bat hartu beharko?