GARA Euskal Herriko egunkaria

Langileei babes materiala emateko agindu dio Osakidetzari epai batek


EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzo kaleratu zuen epaiak ez du zalantzarako tarterik uzten: Covid-19aren epidemiaren aurkako lana dela-eta, bere langileei eskularruak, maskarak eta bestelako babes-materialak eman diezazkiola agindu dio Osakidetzari, «berehala eta urgentziaz». Ez dago helegiterako tarterik.

Hala jakinarazi zuen, iluntzean igorritako prentsa oharrean, ELAk. Hain zuzen ere, EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenak sindikatu horrek bezperan oinarrizko eskubideak babesteko egindako auzi-eskeari erantzuten dio. Pandemiaren aurrean babesteko material hori 24 ordutan Osakidetzako langileen esku egon zedin eskatu zuen ELAk, baina epaileek uste dute ezin dela halako eskaera «berehalakoa egin»&flexSpace;material hori prestatu behar duen erakunde publikoaren «errealitate humano eta profesionala ezagutu gabe».

Auzitegiak, ordea, onartu du, sindikatu abertzalearen arabera, Osakidetzari «urgentziaz eta berehala eskatzea» bere langileei honako material hauek eman diezazkion: FFP2 eta FFP3 maskarak, bata iragazgaitzak, maskara kirurgikoak, erabili eta botatzeko eskularruak, babes-betaurrekoak, gel hidroalkoholikoa eta arreta guneetan lan egiten dutenentzako babes-itxiturak. Epaiak nabarmentzen duenez, neurri horiek denak «beharrezko ageri dira» osasungintza-langileak «gutxieneko segurtasun baldintzekin» lanean aritu daitezen.

Auzitegi Nagusiko Gizarte Arloko Aretoaren ebazpenean esaten denez, «une prozesal honetan hobesten ditugun neurri kautelar hauek, ziurrenik, proportzionatuak eta egokiak dira» koronabirusarekin kutsatzeko osasungintzan diharduten langileek duten arrisku nabarmena dela-eta.

ELAren salaketa, berriz

Hain justu, ELAk adierazi zuen langile horiek beren osasuna arriskuan jarri gabe lan egiteko duten eskubidea nabarmentzera datorrela epaia, «eta segurtasun baldintzok bermatzeko arduraduna Osakidetza bera» dela gogoraraztera.

Babeserako material eskasia aste hauetan behin eta berriz salatu duela gaineratu zuen sindikatuak, «bai publikoki, baita Osakidetzaren aurrean ere. Eta eskasia horri irtenbiderik eman ez eta, gainera, kutsatze maila handia gertatu da osasungintza arloko langileen artean». ELAren esanetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan martxoaren 31rako positibo eman zuten herritar guztien %18 Osakidetzako langileak ziren: 1.145 lagun denera. Horietatik 44k ospitalean amaitu zuten eta bat hil egin zen.