07 ABR. 2020 IKASLEAK ERAGILE: EUSKARAZ ELIKATUZ, WIKIPEDIA ABERASTU Euskal Wikilarien Elkarteak lanean jarri ditu EHUko ikasleak, beren eduki propioak sortuz Wikipedia aberasteko. Beste hizkuntza batzuen menpe egon gabe, DBHko ikasleei kalitatezko informazioa ahalbidetzea da xedea. Hiru urtean 2.500 artikulu editatu dira. Oihane LARRETXEA Ikasle batek informazio bila sarera jotzen duenean lehen iturri hori euskaraz izateak berebiziko garrantzia du. Ez badu bilatzen duen hori bere hizkuntzan topatzen, beste hizkuntza bat gailenduko delako, dela ingelesa edo espainiera, adibidez. Beharretatik sortzen dira erantzunak eta, maiz, irtenbideak. Horiek horrela, ikasleak erabiltzaile «pasibo» soilik izan beharrean, zergatik ez bihurtu eragile, hau da, euskarazko testuen egile beste ikasle batzuen mesedetan? Badira hiru urte Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak akordioa sinatu zuela Lakuarekin norabide argi batekin: Wikipedia euskarazko eta kalitatezko edukiz hornitzea. Euskal Herriko Unibertsitatea bidelagun, ikasgeletatik sortuko ziren testuak, ariketa bera irakasleek ebaluazio jarraituaren parte bezala txertatuz. Lan serioa, arduraz egitekoa. Joan zen astean Ekai Txapartegi EHUn Zientziaren Filosofiako irakaslearen txio batek gure arreta bereganatu zuen. «Urtero bada egun bat berezia: ikasleek ikasgaiarekin lotutako euskarazko sarrerak @euwikipedia-n igotzen dituzten eguna. Eta egun hori gaur izaten ari da. Ze ikasle onak ditugun. Eta ze Wikipedia ona egiten ari diren», zioen, aurtengo lanaren fruituak jasotzen ari zela, ikasleen testuak irakurtzen ari zela. Beraren ahotik datoz esperientzia honen xehetasun batzuk. Berak urtero hartu du parte ekimenean, irakasgaiaren beste atal bat bezala. Ebaluazioan aintzat hartzen da. «Ikasturtea hasi aurretik nire irakasgaiarekin lotura duten eta aldi berean interesgarriak izan daitezkeen gaiak Wikilarien Elkartearekin adosten ditut eta zerrenda bat egiten dut», kontatu digu. Orain arte, garai historikoak egin dituzte, bere kasuan, betiere, Zientziaren Filosofiarekin lotutakoak, XV., XVI. eta XVII. mendeetako edukiekin, eta landu dituzte filosofo naturalistak zein zientzialari filosofoak. Aurten, ordea, Elkanoren mundu biraren bost mende betetzen direnez, «eta gaia mahai gainean dagoenez», Getariako itsasgizonaren bidaiarekin zerikusia duen gai zerrenda egin du Euskal Wikilarien Elkartearekin eta Elkano Fundazioarekin batera. Lanak eskatzen duen ardura horretatik, «kalitatezko artikuluak dira», aipatu du irakasleak. Helburua askotarikoa da, izan ere, «zientziaren dibulgazioa tripetatik nola egiten den ikusi eta ikastea» ere bada: «Wikipedia, ezagutza kolektiboaren errepositorio hori, nola egiten den kolektiboki eta atzean zer tresna eta azpiegitura dauden ikusi». Aurten, guztira, 30 artikulu jaso ditu Txapartegik. Besteak beste, “Lehen mundu mapak”, “Iberiar ontzigintza”, “Liburu hau da itsasoko nabigazionekoa” –euskaraz idatzi zen lehen liburu ez-erlijiosoari buruzkoa–, “Harea erlojua” eta “Longitudearen historia” izenekoak, baita garaiko pertsonaia garrantzitsuenei buruzkoak ere, besteak beste, Giordano Bruno, Katalina Erauso, Teresa Avilakoa edo Ameriko Vespuzio. «Wikilarien Elkartea sortu zenetik, euskarazko Wikipedia indartu zedin, jauzi kualitatiboa eta kuantitatiboa izugarria izan da. Gero eta hobeto dago zentzu guztietan, sustatu delako kolektiboa eta komunitatea», iritzi dio unibertsitateko irakasleak. Ikasleek bi hilabete dituzte, gaia aukeratzen dutenetik aurrera, informazioa bilatu, edukia landu eta idazteko. Prozesuan irakaslea dute bidelagun, eta Wikilarien Kultura elkartetik izaten dute Galder Fernandez kidearen bisita, zalantzak argitu eta laguntzeko. Eta haren ahotik heldu zaizkigu datu harrigarriak… eta pozgarriak. «Euskarazko Wikipedia da euskaraz gehien bisitatutako webgunea: 100.000 bisitatik gora ditu egunean, ikasleek pila bat erabiltzen dute, etengabe», dio. Elkarlanerako hitzarmena sinatu zenetik, milaka ikaslek hartu dute parte. Unibertsitatean 3.000 ikasletik gora, zehaztu du Fernandezek. Datu horiei gehitu behar zaizkie DBHkoak, ziklo horretan ere egon baitira. Zifrekin jarraituz, campus ezberdinetako 167 ikasgelatan egon dira eta 2.500 artikulu inguru editatu dira; horietatik berriak dira 1.000tik gora. «Askotan gertatzen da artikuluak oso laburrak direla, horregatik maiz ikasleek egiten dutena izan da artikuluak luzatu eta osatu. Guretzat interesgarriena zera da, euskarazko Wikipediari 3 milioi hitz gehitu dizkiotela, hura aberastuz. Zenbaki hori euskarazko Wikipediaren %6 da. Kopuru majo bat da», defendatu du. Ekarpenak neurtzeko moduaz ere egiten du hausnarketa, eta zera uste du, «askotan, dirulaguntza bat dagoenean tarteko, ‘zenbat artikulu berri egin diren’ dela galdera. Eta berriak gutxiago dira, baina zenbat editatu, hobetu eta sakondu dira? Hobekuntza da gakoa, ez hainbeste zifrak», argudiatu du. Beraren ustez, «ez da, beraz, artikulu berrien arabera neurtu behar, baizik dagoeneko bazeuden horietan egon den hobekuntzaren arabera». Kalitate neurgailuak jarri ditu Euskal Wikilarien Elkarteak eta horietan guztietan hobetzen ari direla egiaztatu dute. Beste gakoa, beraren ustez, informazioa behar denean euskaraz egotea da, beste hizkuntzen mendean ez egoteko. «Funtsezko gaiak eta interesgarriak direnak euskaraz edukitzea. Nahiko ondo dago kokatuta dago geurea, 29.ak gara artikulu kopuruan, baina ez da kopurua izatea bakarrik, baizik sakona izatea eta ondo balidatua, irakasleen laguntzarekin egitea, kalitatea ziurtatzea». Filosofia, Biologia eta Antropologia Zientzien arloan sakondu ohi dute, baina urtero gaitegia ezarri aurretik begiratzen dute zer egin den aurreko edizioetan eta non egin diren aurrerapenak; «batzuetan zaila da zerbait berria egitea», aitortzen du. Baina adibidez, iaz ikusi zuten Biologian beharrak zeudela eta saiakera handiagoa egin zen eremu horrekin zerikusia zuten irakasleak ekimenera batzeko. Aurten, bestalde, saiakera berezia egiten ari dira Filosofian, Soziologian eta Antropologian. «Urtero irakasle berdinek ez dute parte hartzen, eta horrek ere eragiten du gaitegian. Batzuek beren curriculumean sartu dute eta, beste batzuek, aldiz, behin egiten dute eta gero ez dute errepikatzen». Parte-hartze hori zenbakietara eramanda, urtero 40-50 irakasle inguru batzen dira proiektura. Ikasleen paper aktiboari dagokionez, ekimenak erdigunean jartzen ditu. Kontsumitzaile izateaz gain, eragile izatera pasatzen dira. «Jasotzen duten hori, informazioa, beraiek ere itzuli egiten diote gizarteari, guztien artean eraikitzen dute. Eta horixe nahi dugu: orain arte jaso egin dute eta orain beraiek ere idatzi egiten dute eta parte dira», dio Fernandezek. Eta informazioa are erabilgarriago eta eragingarriagoa egiteko, saiatzen dira unibertsitatean daudenek egiten dituzten testuak DBHn daudenentzat egokitutakoak izatea, alegia, «beren atzetik datozenei» bidean laguntzea. youtube, ikasleen erreferentziazko iturria; euskara non? «Gure nerabe zein ikasleei, oro har, edozein gai planteatzen diezula, aurreneko kontsulta Wikipedian egiten dute, eta bigarrena Youtubeko bideo azkarretan», dio Txapartegik. Eta zera ohartarazi du: «Ezagutzaren lehen atea euskaraz ez badago izorratuta gaude. Wikipedia eta ikus-entzunezko errazak euskaraz edukitzeak gure kulturarentzat lehentasun estrategiko bat izan beharko luke». Wikipedia norabide horretan lan egiten ari dela uste du, ez ordea Youtube. «Hor ez daukagu ezer», erantsi du, eta salatu duenez, larrialdi sanitarioaz eta larrialdi ekonomikoaz hitz egiten da, baina inoiz ez «larrialdi kulturalaz, nahiz eta hori ere hortxe daukagun, ikus-entzunezko edukiekin, nire ustez». Dioenez, Youtube «kolonizatuta» dago eta ez dago euskaraz ezer. «Eta ez da tontakeria, zeren gure ikasleen lehen erreferentzia da, eta min handia ematen digu horrek. Zer ari garen kontsumitzen askotan ez dugu pentsatu ere egiten, gure ikasleek egunero erabiltzen dute eta nork sortu dituen eduki horiek, deskontrola dugu». Esker ona agertu dio Euskal Wikilarien Elkarteari, uste duelako «denbora gutxian nolabait buelta handi bat» ematen ari zaiola egoerari… «Guk dugun errekurtso bakarrarekin, hau da, jendea, tartean dirurik gabe». O.L.