09 ABR. 2020 JOPUNTUA Interneterako sarbidea: oinarrizko eskubidea Iratxe Esnaola Hezkuntzan doktorea Covid-19a ispilu lana egiten ari da. Osasun krisi honek agerian utzi ditu jendarte gisa arlo ezberdinetan ditugun ahuleziak. Baita digitalizazioari dagokionez ere. Teknologia-arrakala edo eten digitala aipatzen da, zeinak herritarren artean dauden ezberdintasun teknologikoei egiten dien erreferentzia. Hau da, eskuragarritasun terminoetan eta hauek erabiltzeko beharrezkoa den alfabetizazioan herritarren artean dagoen distantziari. Eten digitala, alabaina, aurrez existitzen ziren ezberdintasunetan oinarritzen da. Hortaz, nagusiki, ezberdintasun sozioekonomikoetan du jatorria. Eta zenbait kasutan teknologia bera ezberdintasun horiek gainditzeko tresna izan daitekeen arren, estrategia digital oso eta argirik ez badago, ezberdintasun horiek areagotzeko joera du. Eta hori gertatu da hezkuntzan Covid-19arekin: teknologiak ikasle batzuk «desagerrarazi» ditu. Hezkuntzak eta, bereziki, derrigorrezko eskolaldiak herritarren arteko aukera-berdintasunean eragiten du. Eta bizi garen ingurune digitalean, teknologia hezkuntzarako eskubidearen parte da. Zer esanik ez, eskolak itxi eta hezkuntzaren oinarria teknologia bilakatu denean, ikasle batzuk hezkuntzarako aukerarik gabe geratzea ekarri baitu. Zentzu horretan, txalogarriak dira eskubide hori bermatzea xede duten ekimenak: Izarkom telekomunikazio operadore kooperatiboak SIM txartelak eskaintzen ditu; Errenteriako Udalak Interneterako konexioa eta ordenagailuak banatu ditu, ikastetxeekin elkarlanean behar gehien dituzten ikasleak identifikatu ondoren; eta izango dira tokian tokiko ekimen gehiago ere. Hau da 2020ko Euskal Herria. Balio beza Covid-19ak Interneterako sarbidea oinarrizko eskubide gisa aitortu behar dela ozenago aldarrikatzeko (Finlandiak 2010ean egin zuen, duela 10 urte!). Eskubide hori bermatzeko bideak eztabaida daitezke, baina Internetek herritar guztion eskura egon behar luke: Internet, ezberdintasunak areagotzeko baino, gizarte-kohesioan laguntzeko tresna izan dadin. Balio beza Covid-19ak Interneterako sarbidea oinarrizko eskubide gisa aitortu behar dela ozenago aldarrikatzeko