19 ABR. 2020 ALPINISMOA Dmitry Pavlenkok bide berri bat sortu du Svobodnaya mendian Neguan eta bakarka zabaldutako marrari «Barin» deitu dio. Errusiar eskalan 6A zailtasuna du; gurean, berriz, ED, A4. Andoni ARABAOLAZA Irakurle askok ez dute ziur aski jakingo Svobodnaya mendia non kokatu. Ziur aski izen hori lehen aldiz entzungo dute. Hori ziur aski gertatzen da sona handia duten mendien sareetatik at dagoelako. Baina zalantzak alde batera utzi, eta ziurtasunez esan dezakegu ez dela lehen aldia mendi horretan egiten diren jarduerak lerrootatik igarotzen direla. Free Korea bezala ere ezagutzen da. 4.740 metro ditu, eta Ala Archa eskualdean dago. Kirgizistanen. Isuri guztietatik begiratzen badiogu, inolako zalantzarik gabe alpinismo teknikoa praktikatzeko ipar horma erakargarriena da. Mendebaldekoentzat Alpeetako Grandes Jorasses bezalakoa da. Antz handia daukala esan genezake, eta murruaren zirrikituetan jarduera bikain baino bikainagoak egin direla. Kilometro bat luze den hormatzar horretan ingurumari horretako lehen lerroko alpinista eta eskalatzaileek “jolas” eremua dute. Eta joan den neguan hori guztia praktikan jarri duena Dmitry Pavlenko dugu. Alpinista kirgizistandar honek, bakarka, “Barin” izeneko bide berria zabaldu zuen. Errusiar eskalan 6A maila du; 6B gorena da. Eta gure eskalara ekartzen badugu, honako datuak emango ditugu: ED, A4. Pavlenkok ondo baino hobeto ezagutzen du Svobodnayaren horma zail zein tekniko hori. Zenbait eskalada egin ditu, baina neguan eta bakarka egitea azpimarratzekoa da. Nahiz eta bere izena ez den oso ezaguna, irakurleari aurreratuko diogu alpinista zaildu honek curriculum itzela duela. Garai batean Alexander Ruchkin, Alexander Odintsov eta enparauekin soka gerrira lotu zuen. Eta egin dituen jarduera alpinistikoen artean Jannun biribildutakoa aipatuko genuke. 2004. urtean, Odintsovekin batera Kangchenjunga mendiaren mendebaldean dagoen zazpimilako horren ipar hormaren lehen igoera sinatu zuen. Eskalada horri esker, Urrezko Pioleta jaso zuten. Urteak igaro dira, bai, eta Pavlenkok adinean aurrera egin du. Baina Free Korearen ipar horman neguan eta bakarka sortutako bide berriak erakusten du oso sasoiko jarraitzen duela. Irudian ikusten den bezala, ipar hormaren ezkerreko triangeluan “Barin” sortu du. Bidearen ezaugarriei dagokienez, Pavlenkok aurreratu du arrokan eginiko eskalada ia osoa artifizialean egin zuela: «Lehen urratsak ‘Semiletkin’-etik egin nituen. Bigarren luzean marra hori utzi eta ukitu gabeko sekzioetatik jarraitu nuen. Izotzean zein mistoan hainbat metro eskalatu nituen, eta artifiziala ez zen batere zaila; A1 zailtasunekoa. Seigarren luzean, berriz, eskalada gogortzen hasi zen. A3 mailako luzeak gainditu behar izan nituen. Bilera asko ez ziren batere erosoak. Bederatzigarren luzean, zorionez, bibak on bat antolatzeko aukera izan nuen. Bederen, gau osoa eserita igaro nuen. A2 eta A3 gehiago aurrez aurre izan nituen. Besteak beste, sabairen bat edo beste igo nituen. Hamargarrena bidearen giltza izan zen. Eroria duen tarte bati ekin nion. Gogor borrokatu behar izan nuen; denera, gakoentzat hiru zulo egin nituen. Hortik aurrera arrokak izotzari eta elurrari eman zien lekukoa. Hamabigarren luzean izotzezko sekzio tente batean (80°) sartu nintzen. Gailurreriara heldu nintzen; hala ere, eskalada ez zen batere lasaitu. Izan ere, ‘Kustovsky’ bidearekin bat egin nuenean, sekzio oso arriskutsu bat kudeatu behar izan nuen». Muturreko eskarmentua Lerro horietan, alpinista kirgizistandarrak “Barin” izeneko bideak dituen ezaugarri teknikoak aipatu dizkigu. Baina, irakurleak ondo baino hobeto dakienez, izaera horretako jardunetan buruak erabat akituta amaitzen du. Eta Pavlenkok berak onartu du Svobodnayaren ipar horman bizitako esperientziak burutik leher eginda utzi zuela: «Jarduera hori amaitu bezain laster, 2006. urtean Khan Tengriren ipar horman bakarka egin nuen eskaladaren irudiak gogoratu nituen. Burua ez nekien non zegoen; deliratzen ari nintzen! Berriro ere nire beldurrak gainditu nituen. Eta horrek guztiak indar berezi bat eman zidan. Beste era batera esateko, hazi egin nintzen. Baina, era berean, etorkizunari begira jarri behar nintzen. Eta etorkizun horri izuarekin begiratu nion». Free Korearen inguruan ere hitz egin nahi izan du. Arestian aipatu dugu, ipar horma hori teknikoki zaila dela, eta ingurumari hartako eskalatzaileentzat alpinismoaren praktikarako arras erakargarria dela. Kirgizistango edo Errusiako goi mailako alpinista asko handik pasa dira. Eta Pavlenko horietako bat da: «Free Korea ez da soilik mendi bat. Nire alma mater-a da; nire ametsetako mendia. Hori guztia esanda, neguan eta bakarka ‘Barin’ marra zabaltzea inoiz izan dudan amets preziatuena izan da». Ipar murru horretan makina bat bide ireki direnez, lerrootako protagonistak onartu digu zailtasun handiak izan dituela agerikoa den marra bat aukeratzeko. Horretarako hormatzarraren ezkerraldera jo behar izan zuen. Hain zuzen ere, triangelu forma duen sekzio baten erdian balizko zirrikitu bat aurkitu zuen: «Sinestezina bazirudien ere, bide horren aurrean nengoen. Inguru horretan, duela 20 urte beste eskalatzaile handi bat, Kolya Gutnik, saiatu zen. Nire ordua iritsi zen, baina lehenik eta behin nire beldurrak gainditu behar nituen. Eta, jakina, une egokiena bilatu». Jarduera hori egiten ari zen bitartean, alpinista kirgizistandarrak onartu du muturreko egoera asko bizi izan zituela: «Amaiera aldean, nire buruak ezin zuen gehiegi pentsatu. Ehunka metro batzuk aurrean nituen. Izotza. 40-45°-ko aldatsak. Piolet bat, eta inolako segurtasunik gabe. Gainera, oinen azpian 500 metroko hutsunea. Ez nuen espero abentura honek muturrera eramango ninduenik. Baina hala izan zen. Free Koreak mugan jarri ninduen. Gailurrean ez nuen inolako emoziorik bizi. Energiarik gabe, jaitsierari ekin nion; ez zen batere samurra izan. Mendi honetan egin dudan jarduerak erabat xurgatu nau. Duela 14 urteko deja vu osoa izan da». DMITRY PAVLENKO Goi mailako alpinista kirgizistandarrak Svobodnaya mendiaren ipar horman bakarka eta neguan bide berri bat zabaldu du. GOGORRA Free Korea bezala ezagutzen den mendi horretan sortu duen marrari «Barin» deitu dio. Errusiar eskalan 6A maila du. Gurean, berriz, ED, A4. MUTURREKOA Pavlenkok adierazi du agerikoa den bide bat zabaldu duela, eta onartu ere, jarduera horrek buruari asko eskatu diola.