Maider Eizmendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Gizartea mikroskopioan

Ezer ez omen da berdina izango. Gauzak aldatuko direla bistakoa da, zein zentzutan eta neurritan egingo duten jakitea da kontua. Lehen begiratuan, ezertarako balio izan badu, orain arte ia ahaztuta egon diren sektore batzuk berriz ere plazara ekartzeko izan da. Osasun langileena da, agian, adibiderik argiena baina, seguru asko, jatekoa ekoizten eta saltzen diguten langileei ere beste modu batera begiratuko diegu aurrerantzean.

Zientzian ari diren norbanakoek ere bestelako protagonismoa hartu dute azken asteetan; batez ere, laborategietan birus honen izaera ulertzeko eta horri aurre egiteko botika bila dabiltzanek –bide batez, jakin nahiko nuke egun hauetan laudorioak jasotzen ari direnetako askok zein egonkortasun eta aurrekonturekin egiten duten lan–.

Baina mikroskopioaren platinan gu ere bagaude; soziologoak, antropologoak, komunikazio ikertzaileak, psikologoak... gizartea eta giza portaera aztertzen duten adituek esperimentu zirraragarria egiteko aukera dute, hau ez da-eta osasun krisi soila. Aldakorra den testuinguru honetan, izan ere, jakin behar dugu sozialki zein modutan eragiten digun honek guztiak, ahalik eta erantzunik hoberena ematen jakiteko, eta gizarte zientziek sortzen duten ezagutzak lagundu dezake begirada zehazten eta transformatzen. Horretarako, ordea, behar-beharrezkoa da diziplina hauek sortzen duten ezagutzaren balioa azpimarratzea eta hori ez da beti egiten. Tamainan eta eraginean parekoa ez bada ere, adibide gertukoa dugu N1H1 birusaren afera; ia ahaztu zaigu, baina orduan ere ikara eta larria baziren, eta birusaz kutsatu zirenentzako muga zorrotzak. Bada, orduan ere arduradun politikoek ez zituzten behar bezala kudeatu gizarte zientzien arlotik eman ziren gomendioak. Ez diot nik, Europako Batzordeak aditu talde bati enkargatutako txosten batek ondorioztatu zuen. Asko ikas genezakeen, une honetan erabilgarriak liratekeen ezagutzak bildu, komunikazioa eraginkorrago egiteko moduetan sakondu, beldurra kudeatzeko tresnak landu... baina bistan da ez genuela egin edo ez behintzat behar adina.