GARA
DONOSTIA

Liburuaren Nazioarteko Egunaren ezohiko ospakizuna

Urtero kaleak liburu saltzailez betetzen dira, baina aurten ez da posible izango. Hala ere, hirietan ekimen txikiagoak prestatu dituzte, etxetik jarraitzeko modukoak.

Liburuaren Nazioarteko Eguna da gaur, baina aurten itxialdiaren ondorioz lehendik aurreikusita zeuden jarduerak berrantolatu behar izan dituzte. Ezohiko ospakizuna izango da aurtengoa, baina horrek ez du esan nahi zaleentzat jarduerarik egongo ez denik.

Donostian, adibidez, Gipuzkoa plazan urtero antolatzen zen Liburu Azoka bertan behera gelditu da, baina Donostia Kulturak online programazio berezi bat sortu du data esanguratsu honetarako. Alde batetik, #DKEtxean agendan hainbat jarduera egingo dira egunean zehar haurrentzat eta helduentzat. Bestetik, Gipuzkoako Liburu Denden Elkartearen laguntzarekin Donostia Kulturako bazkideen artean liburuak erosteko bonu zozketa bat egingo da.

Programazioa goizeko lehen orduan hasiko da. 8.00etatik 10.00etara DK Irratiko “Ispilu Beltza” irratsaioan Liburuaren Nazioarteko Egunari eskainitako saio berezia izango da.

Eguerdian #DKEtxean: Koadernoa atalean bi argitalpen igoko dira webgunera; 12.00etan, Ana Malagon idazlearen “Hau ere pasako da” kontakizun labur argitaragabea eta 13.00ean, Mikel Casal ilustratzaileak Liburuaren Nazioarteko Egunerako egin duen irudia. Aipatutako irudiarekin orri-markagailuak egin dira eta liburutegietan banatuko dira itxialdia amaitzen denean.

Arratsaldeko lauretan haurrentzako Ipuinaren Ordua izango da, Amaia Puin kontalariaren eskutik. “Loreren borobiltxoak” eskainiko du (Donostia Kulturak Youtube, Instagram eta Facebook guneetan dituen kanaletan).

17.00etan Liburu Challenge erronka egingo dute Go!azeneko Lorea Intxausti, Xanti Korkostegi eta Markel Sainz aktoreek. 19.00etan, berriz, egunari amaiera emateko, Antzokia Etxean programan Amaia Lizarralderen “Diario de una prueba” antzezlana jarriko da ikusgai.

Bestalde, apiril osoan zehar Liburutegi Nagusiko solasaldien programazioari jarraipena eman zaio saio digitalekin. Irakurleen harrera ona izan dela eta dinamizatzaileek sustapen lan handia egin dutela azpimarratu du Donostia Kulturak.

Apirilaren 28an Patricio Pronek “Mañana tendremos otros nombres” liburuaren gaineko solasaldian parte hartuko du, Amaia Garcia dinamizatzailearekin batera. Solasaldia 19.30ean hasiko da eta bertan parte hartzeko liburutegiaalderdieder@donostia.eus e-postara idatzi beharko da.

Ekitaldi xumeagoak

Iruñean ere ez dute Liburuaren Eguna ahaztu nahi izan eta irakurketa bat antolatu du gaurko. Ekimena udal liburutegiaren proposamen bat da eta goizeko hamarretatik aurrera @participapamplona sare sozialetako kontutik jarraitu ahalko da.

Liburutegiak hautatutako irakurgaiak Francisca Aguirre “Pavana del desasosiego” poema eta Castillo Suarezen “Zatituta” lana dira. Irakurketan udaletxeko parte hartze eta dinamizazio arloetan lan egiten duten pertsonak arituko dira.

Gasteizi dagokionez, Artium museoaren eskutik iritsi da Liburuaren Eguna ospatzeko aukera. Izan ere, Museoko Liburutegiak eta Dokumentazio Zentroak bookcrossing ekimen bat sustatu dute beste urte batez, hamalaugarrenez jada.

Oraingo honetan, ekimen horrek izaera birtuala izango du. Horretarako, Estatu osoko ia 40 museok bideo komunitario bat partekatuko dute datorren ostegunean, apirilaren 23an, sare sozialetan, eta bakoitzak liburu bat irakurtzea gomendatuko du. Artiumek Juan Luis Morazaren “Gordailua 1987-1988 Depósito” erakusketaren katalogoa aukeratu du, joan den urtarrilean argitaratua.