26 ABR. 2020 Eskalada Itxialdiaren aurretik emakumeekegindako jarduera azpimarragarriak Lena Marie Mullerrek trad estiloan eta Alex Totkovak eta Julia Chanourdiek kirol eskaladan urrats garrantzitsuak eman dituzte. Andoni ARABAOLAZA Nahiz eta hainbat herrialdetan eskalatzaileek ez duten itxialdia erabat bete behar, hurrengo lerrootan jorratuko ditugun eskaladaren inguruko berriak koronabirusak eragindako krisiaren aurretik jaso genituen. Eta guztietan ala guztietan emakumezkoak dira protagonistak. Hain zuzen ere, honako hiru eskalatzaileok: Lena Marie Muller, Alex Totkova eta Julia Chanourdiex. Mullerrekin hasiko dugu kronika hau, besteak beste, sinatu duen igoerak berezitasunik baduelako. Bederen, gazte alemanak horrela aitortzen du. Beste bi protagonistek ez bezala, eskalatzaile honek trad edo eskalada tradizionalean igoera bikain bat sinatu du. “Prinzip hoffnung” bidea aukeratu du; hots, Beat Kammerlanderrek duela 11 urte lehenengo aldiz era librean igo zuen bidea. Eskalatzaile austriar ikonikoak marra horri puntu gorria jarri ondoren, 8b/+ zailtasuna proposatu zuen. Eta horri esker, Burser Platten dagoen bidea trad estiloan erreferente bihurtu zen. Ondoren, bisita asko jaso ditu, eta errepikapenak iritsi ziren. Tartean, hiru neskenak: Barbara Zangerl, Nadine Wallner eta Madelaine Cope. Bada, Mullerrek laugarren igoera femeninoa erdietsi du. Seguru finkorik ez duen bide horrek ahalegin psikologiko handia eskatzen du, eta, antza, eskalatzaile alemaniarrak ezin hobeto gainditu du erronka. Eta hori diogu “Prinzip hoffnung”-ekin trad estiloan bere maila gorenera heldu delako. Aurretik “Munstang” (8a) zuen. Eta kirol eskaladan 8a+. Beraz, urrats handia eman du. Egun Innsbrucken (Austria) ikasten ari da, eta ekologistatzat du bere burua. Hori dela eta, ingurugiroan eragin txikiena egiteko asmoz, bidera heltzeko trena erabili du: «Saiakerak egitera bertaratu naizenetan ez dut autoa erabili. Horri esker 2.000 kilometro aurreztu ditut. Jakina, behin betiko ekinaldiak egin nituenean, autoarekin joan nintzen; izan ere, lurrean hainbat koltxoneta jarri behar nituen». Helburua patrikara eramateko sei asteko lana egin behar izan du. Gazte honen esanetan, Kammerlanderren bidea ez da batere erraza: «Prozesu intentsua izan da, batez ere bi ikuspuntutik. Mugimendu guztiak menderatzea izan zen lehena. Eta bigarrena, tresneria guztia era eraginkorrean jartzea. Top-ropean ere aritu naiz. Eta, gainera, lan horiek guztiak nire ikasketekin lotu behar izan ditut. Argi esan nahi dut: prozesu horretan gorabehera asko izan ditut. Era berean, nire eskarmenturako oso baliagarria izan da». Horrekin guztiarekin batera, Mullerrek baieztatu du gogorrena beldurra gainditzea izan dela: «Batez ere, marraren lehen hamar metroak egin zaizkit gogorrak. Ez da bidearen zatirik zailena, baina eskalada nahasia da, eta jartzen dituzun seguruak oso txarrak dira. Agian, eroriko bat saihesterik ez dutenak. Bidea kateatu ondoren, iruditu zait opari bat jaso dudala». Bulgariar gaztea Alex Totkovak 15 urte besterik ez ditu, baina gai izan da bederatzigarren esferan sartzeko. Margalefera eginiko bidaiaren azken egunean kateatu zuen “Victimes del futur” (9a). Maila hori lortzen duen Bulgariako lehen neska da, eta herrialde bereko soilik gizonezko batek lortu du gradu bereko bide bat: Ivaylo Radkovek. Hots, gaztearen entrenatzaileak. Totkovak igo duen bidearen inguruan aurreratu behar dugu Margalefeko ohiko “estiloa” duela: eroria du eta hatz bateko zein biko heldulekuak. Gazteak adierazi duenez, “Victimes del futur” bidea oso gustuko zuen: «Zulo txiki asko ditu, eta nire ezaugarrietarako oso ona da. Bidearen giltzara iritsi baino lehen atseden hartzeko beta duzu. Hasieran, zulo gogorrena ezkerreko hatzarekin hartzen nuen, baina etxera itzultzeko bezperan eskua aldatu eta hobeto jardun nuen. Hegazkina hartu baino ordu batzuk lehenago egin nuen nire azken saiakera. Oso urduri nengoen, baina, boom!, katera heldu nintzen». Eskalatzaile bulgariarraren inguruan esan behar dugu bere lehen 8a soilik 11 urte zituela egin zuela. 8c+ mailako marrarik ez du; beraz, 8c gradutik 9a zailtasunera zuzenean egin du salto. Gogora dezagun ere Ashima Shiraishi dela 9a egin duen neskarik gazteena; hain zuzen ere, 13 urterekin. Amaitzeko, Julia Chanourdieren azken jarduera aipatuko dugu. Eskalatzaile frantziarra gai izan da bere lehen 9a+ egiteko. Saint-Leger-du-Ventuox-en izan da, eta aukeratutako bideak “Super Crackinette” du izena. Maila horretara heldu den munduko hirugarren emakumezkoa da. Aurretik bi 9a zituen: “Ground Zero” eta “La Cabane au Canada”. Denera, hamazazpi egun behar izan ditu 9a+ mailako marra sinatu ahal izateko: «Japoniako Olinpiar Jokoetara sailkatzea lortu eta gero, berriro eskaladarekin disfrutatu nahi nuen. Horregatik eskalada eskola horretara joan nintzen. Zintzoa izan behar dut: berez ez nuen asmorik 9a+ mailako bide bat lantzeko, baina lagun bat ‘Super Crackinette’ probatzen ari zen eta animatu egin nintzen. Marra ederra da oso, eta indar asko eskatzen du. Joan den urtarrilean nire lehen ekinaldiak egin nituen. Hotz handia egiten zuen, baina marra probatzen ondo sentitu nintzen». Sentsazio onak zituenez, eskalatzaile frantziarrak erabaki zuen saiakera serioak egitea: «Bideak bi giltza ditu. Lehendabizikoak helduleku txikiak ditu eta hatz bateko helduleku batean amaitzen da. Mugimendu horretan behin eta berriro erortzen nintzen. Hori gainditu ondoren, bigarren giltza iristen da. Dinamiko moduko bat da. Baina beste ‘metodo’ bat badago. Helduleku txikiak jarraitu behar dira, eta horretan erosoago sentitu nintzen. Finean, erronka fisikoa baino, psikologikoa izan da». Behin betiko saiakerari dagokionez, Chanourdiek esan du errekaren ondoan jarritako denda batean egin zuela lo: «Goizean goiz jaiki nintzen. Beroketa lan batzuk egin eta gero, bide horren azpian jarri eta kateatu egin nuen». LENA MARIE MULLER Trad estiloan, beste urrats bat eman du alemaniarrak. «Prinzip hoffnung» (8b/+) kateatuta, marra hori igotzen laugarren emakumea bihurtu da. ALEX TOTKOVA Soilik 15 urte dituen eskalatzaile bulgariarrak «Victimes del futur» sinatu du. Gaztearen lehendabiziko 9a da. JULIA CHANOURDIE Eskalatzaile frantziarra «Super Crackinette» bideari esker igo da 9a+ mailara. Zailtasun hori lortzen munduko hirugarren neska da.