Maria del Rio
Zuzenbidean doktorea
JOPUNTUA

«Normaltasun berria»

Langileen nazioarteko egun bitxi eta ezberdina da aurtengoa. Ezohiko aldarrikapen eguna. Kaleak hartu ordez, gaur etxean izango gara. Ez da, dena den, amorrua azalarazteko aukerarik faltako, sare eta balkoietara murriztu arren. Edozelan ere, argi dago aldarrikatzeko arrazoiak ez direla faltako.

Ziurgabetasun handiko egoeran bizi gara, eta aurreikuspenak oso kezkagarriak dira. Krisiak lan prekarioenei eta, bereziki, biztanleriaren sektore zaurgarrienei eragin die, horren adierazlea da, besteak beste, gazteen egoera kezkagarria. Guztion bizi baldintzek okerrera egingo dute, baina egoerak ez digu denoi berdin eragingo. Pairatzen hasi garen krisia aurrekoak baino askoz konplexuagoa da, baina ukaezina da gaurko eta etorkizun hurbileko egoera lan merkatu eta ekonomia ereduaren egiturazko arazoengatik guztiz baldintzatuta dagoela.

Konfinamendua leuntzearen helburua «normaltasun berria» lortzea dela esan digute. Esamoldea entzun nuen lehenengo aldian ezinegona sortu bazidan ere –zer ote da hori?–, ez da jomuga txarra. Familiarekin eta lagunekin egoteko gogo handia dut, zinemara joan nahi dut, kontzertuetara... baina ez dut nahi normaltasunera itzuli, normaltasuna arazoa delako. Irudimenez jokatu behar dugu irtenbideak aurkitzeko, gure bizimodua zalantzan jartzeko eta benetan garrantzitsuena denaren inguruan hausnartzera ausartzeko; Maiatzaren Lehena bada horretarako data aproposa. Ez dezagun ahaztu normaltasuna gehiengo sozialen parekotasunik eza ere badela, emakumeen diskriminazioan oinarritzen dela eta ez dituela planetaren mugak errespetatzen.

Dagoeneko ikasi behar izan dugu oinarrizko zerbitzu publikoen garrantzia; osasuna, hezkuntza edo zaintzak larrialdi egoerari aurre egiteko ezinbestekoak direla inoiz baino nabariagoa izan da. Hortaz, «normaltasun berrian» nahitaezkoa izango da zerbitzu horiek indartzea; eta orain arte ikusezinak ziruditen sektoreek, baina bizitzarako funtsezkoak direnek, merezitako lekua izan dezatela, esaterako lehen sektoreko langileak edo garbitzaileak. Errotiko aldaketak galdatzea da gaur tokatzen zaiguna.