GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Gernika oroituz


George Steerrek, notario baten zehaztasunez, 1937ko apirilaren 26ko Gernikako bonbardaketaren fede eman zuen. Hango hura ez zen gerra ekintza bat izan, baizik eta Molak iragarri, Francok agindu eta Condor hegazkinek buruturiko ekintza terrorista.

Ez, Steer ez zen komunista amorratua eta Gernika ere ez zen boltxebikeen habia, Koldo Serraren “Gernika” filmak erakutsi bezala eta Eusko Jaurlaritzak finantzatua, hori ulergaitza bada ere. Aitzitik, Gernika landa giroko herri baketsu eta kristaua zen.

Honezkero, barregarria litzateke Gernikaren «suntsipenari» buruzko justifikazio frankistei aurre egitea; haien argudioak eta falaziak aspaldi erori baitziren bata bestearen atzetik, gaur egun saminez frankista sutsuek baino defendatzen ez dituztenak.

Besteak beste, Garcia de Cortazarren ustez, gernikarren erailtze eta herriaren suntsitzearekin batera, sarraskigileek Euskal Herriko biztanleen etsipena bilatzen zuten, eta, ondorioz, Iparraldeko Frontearen erorketa erraztea.

Baina bazuten kontuan hartu beharreko beste helburu bat. Euskal Herriko hirien bonbardaketa sistematikoarekin (Otxandio, Durango, Bilbo, Zornotza, Barakaldo, Zalla, Alonsotegi, besteak beste), alemaniarrek erakutsi ahal izan zuten egiatan Europako jabeak zirela, armarik gabeko jendeari kalteak egin ahal zizkietela, beste ezein gobernuk gaitzespen txikienik ere egin gabe. Izan ere, Gernikarena ez zen soilik armarik gabeko herrien aurkako bonben eta metrailen eraginkortasuna egiaztatzeko izan (beti errazagoa baita arerioa hiltzea desarmaturik badago), Wolfram von Richthofenek Condor Legioko buruzagiak zioen bezala; baizik eta egiaztatzeko Ejea osatuko zuten gobernuek edozein txikizio egin zezaketela, Europak eragotzi gabe. Bigarren Mundu Gerra Penintsulan hasia zen, nahiz eta Europako gobernu batzuek ez jakinarena egin. Izan ere, Gernika suntsitu ondoren ere, Errepublikarako armen enbargoak iraun egin zuen, esku ez hartzeko akordio koldar baten aitzakiaz. Horrek, de facto esan nahi zuen Hitlerrek eta Mussolinik baizik ez zutela esku hartuko Penintsulan matxinatuen alde, horrela, tropa frankisten arrakasta bermatuz. Beraz, errepublikanoen deskalabrua denbora kontua zen.

Eskarmentu txikiz eta ilusio handiz, euskal nazionalistek amesten zuten gerraren ondoren aliatuak Espainian sartuko zirela Francoren diktadura deuseztatzeko. Inozoak, oker zeuden. Aliatuek ezer egin ez bazuten Gernikako bonbardaketa gertatu zenean, hots, nazien arriskua berehalakoa zenean, zer dela-eta esku hartu behar behar zuten gerra ostean, aliatuek Europako egoera kontrolpean zutenean? Mikel Laboak Artzeren poema kantatu zuen geroago: «Askatuko zaituen zai bazaude, zaude lasai, zaude ziur askatuko zaituela…».

Gernikan, Europako gobernuek ez zuten ikusi edo ez zuten ikusi nahi izan beraiek hurrengoak izango zirela.

Alemaniako Gobernuak barkamena eskatu zuen, Espainiako Gobernuak oraindik ez du egin. Agian, zerbait egin ahal izan zuten eta egin ez zuten Europako gobernuek ere barkamena eskatu beharko lukete Pandoraren kutxa irekita utzi baitzuten.