GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Idiek ez dute hegan egiten


Pedagogikotasun-asmoko pasadizoa da, asmakeria hutsa ziurrenik; baina milaka, milioika, aldiz kontatuko zen. Ba omen zebilen Tomas Akinokoa bere gogoeta sakonetan murgilduta, komentu-kide adarjotzaile batek albotik hau esan zionean: «Begira, Tomas, han non doan idi bat hegan!». Eta Tomasek, miraria ikusteko eginahalak eginda: «Bada ez dut ezer ikusten...». Trufariak, orduan: «Tira, ez al dakizu idiek ez dutela hegan egiten edo?». Eta Angelikoaren azken ihardespena: «Noski badakidala idiek ez dutela hegan egiten; baina are harrigarriagoa egiten zitzaidan fraide batek gezurra esatea...».

Gezurra esatearen itsustasuna (eta Akinokoaren santutasuna) barnera genezan kontatuko ziguten. Baina sakonagoko mezu deabrutua ere bazekarren istorio hark: egia-tasunaren ebidentziaren gaineko sinesgarritasuna aitor ziezaiokeen norbaiten «autoritateari»... gezurretan ari zela begien bistakoa izan arren. XIII. mendetik hona gizakia horrenbeste aldatu ez denez, orain ere bada jende asko, eta ez bereziki angelikoa, idiek hegan egin dezaketela sinesten duela dirudiena... «autoritatea» duenak hala badio.

Covid-19aren aurrean Trump administrazioaren komunikazio-estrategia idi hegalariena da, argi asko. Errealitatearekiko konfrontazioa gaindituko duen baieztapen bakarra ere ez zaie entzun; baina gezur batetik bestera jauzika anabasari iskin egingo diotela sinetsita ari dira nonbait: birusa Txinako «laborategi batetik irten» zela (Estatu Batuetara paseatzera joan zedin, of course); «Txinak baliabideak akaparatu zituela» (Mendebaldearen axolagabekeria kalkulatu gabe, jakina); eta horrela.

Arazoa, noski, ez datza gezurtiek (kasu honetan, patologikoa ere bada bakarren bat) gezurra esatean, baizik haien «autoritateari» men eginez egia nabarienari ere uko egitea libre balitz bezala jardutean. Batik bat, Saddam Husseinen suntsipen handiko armen «saltzaileak» direnean orain idi hegalariak saltzen ari diren horiek.

Bigarren aldiz ziri berbera sartzen dizutenean, badakizu norena den errua, ezta?