Iker BIZKARGUENAGA

Britainia Handiak marka berria gainditu du heriotza kopuruan

Azken asteetako bilakaera ikusita, argi zegoen koronabirusak eragindako heriotza kopuruan Britainia Handia Europako lehenengo herrialdea izango zela, denbora kontua zela, eta bertako Estatistika Bulegoaren (ONS) datuen arabera, eskuratu du jada inork nahi ez duen leku hori. Izan ere, instituzio horrek adierazitakoaren arabera, dagoeneko 32.000 lagunetik gora zendu dira gaixotasun horren eraginez, eta atzean utzi du Italia, orain arte eta denbora luzez herrialderik kolpatuena izan dena, AEBak alde batera utzita, noski.

Datua larria da, ikaragarrizko zenbakia delako, baina baita ere Covid-19aren oldarraldia beranduago heldu zelako Britainia Handira eta hiltzen ari den jende kopurua oraindik osoa altua delako. Beste 693 heriotza atzo.

Zenbaketa desberdinak

Aipatu datuak Estatistika Bulegoak jasotakoak dira (ONS), eta Boris Johnsonen exekutiboak beste zenbaketa bat egiten du, baina hori kontuan hartuta ere Italiak baino heriotza gehiago ditu: 29.427 batek eta 29.315 besteak, atzoko datuei begiratuta.

Estatistika Bulegoaren datuen eta Gobernuaren zifren arteko aldea egoitzetako eta etxeetako heriotzen kopuruagatik izan liteke (5.890 azken hamar egunetan bakarrik). ONSk heriotza ziurtagiriak zenbatzen ditu zuzenean, heriotzaren arrazoia Covid-19a izan dela zehazten dutenak; Gobernuak, aldiz, iragan astera arte ospitaleko heriotzen datuak baino ez zituen ematen.

Zehazki, Estatistika Bulegoak jakinarazi duenez, 29.648 pertsona hil ziren birusaren ondorioz Ingalaterran eta Galesen apirilaren 27ra arte, eta Eskozian eta Ipar Irlandan izandako heriotzak gehituta –herrialde horiek zenbaketa propioa egiten dute–, 32.313 pertsona izango lirateke estatu osoan hildakoak, esan bezala apirileko azken asteko datuei bakarrik erreparatuta.

Aldea, dena den, handiagoa izan daiteke; “Financial Times” egunkariak egindako kalkuluen arabera, martxoko eta apirileko heriotzen kopurua 2019ko datuekin alderatuta, Covid-19a 40.000 heriotza baino gehiagoren erantzule izan daiteke.

Edonola ere, aurreko urteetako heriotzak erreferentzia gisa hartuta, herrialde gehienetan gehiago lirateke koronabirusak hildakoak zenbaki ofizialetan agertzen direnak baino.

Johnson eta bere heriotza

Gobernuek datuen eta informazioaren kontrol zorrotza egitea ez da gauza berria, are gehiago pairatzen ari garen osasun krisi honetan, eta horren adibide da Johnsonen egoeraren gainean jazotakoa. Izan ere, lehen ministroak berak aitortu berri duenez, Downing Streetetik adierazten zen baino larriago egon zen koronabirusaren ondorioz.

Iragan asteburuan “The Sun” aldizkariari eskainitako elkarrizketan –ospitaletik atera ondoren egindako lehenengoa– Johnsonek dio «oxigeno litro mordoa» jarri behar izan ziotela aurrera atera ahal izateko. «Maskara bat jarri zidaten eta litroak eta eman zizkidaten denbora luzez, sudurrak kolorea berreskuratu arte», esan zuen.

«Zaila da sinesten nire osasun egoera nola kaxkartu zen hainbeste eta hain azkar», adierazi du agintari britainiarrak, eta gaineratu du heriotzaren aukera hain zela erreala Gobernuak plan bat diseinatu zuela hura gertatuz gero nola jokatu zehazten zuena. Johnsonek esker oneko hitzak ditu Britainia Handiko Osasun Sistemarentzat –langileek kritika gogorrak egin dizkiote, babesteko materiala falta zaielako– eta bereziki bera artatu zuten Nick Price eta Nick Hart medikuei. Esker on horren erakusle, bere seme jaio berriari Wilfred Lawrie Nicholas izena jarriko diotela azaldu zuen.

Elkarrizketak elkarrizketa, Johnsonen kudeaketa auzitan jarri du jende askok, oso berandu erantzun ziolako epidemiari, eta horren ondorioak orain jasotzen ari dira, hildako kopuruak erakusten duenez. Ikusteko dago, hala ere, kritika horiek eragina izango duten, izan ere, Gobernua neurriak lasaitzeko bide-orria prestatzen hasi baita, «txarrena» igaro delakoan.

 

Ekainean hilak bikoiztuko dira AEBetan, txosten batek dioenez

“The New York Times” egunkariak eskuratu duen txosten baten arabera, AEBetako Gobernuak uste du koronabirusak eragindako kasuak eta heriotzak gehitu egingo direla datozen asteetan. Hala, Covid-19ak ekainean egunero 3.000 heriotza eragingo lituzke. Datu hori gaur egun izaten ari den heriotza kopuruaren bikoitza da.

Etxe Zuriak ezeztatu egin du egunkariak argitaratutako albistea, eta Exekutiboak ez dituela datu horiek aurreikusten esan zuen atzo Judd Deere eledunak, baina zalaparta handia sortu da, datu beldurgarri horiek koronabirusaren kontrako neurriak lasaitzen hasi direnean argitaratu baitira. Estimazio horren arabera, maiatzaren bukaeran 200.000 kasu zenbatuko dira egunero herrialde horretan, atzo zenbatutako 23.897 positiboak baino zortzi aldiz gehiago.

“NYT” egunkariak argitaratu dituen proiekzioek AEBetako aditu askoren beldurra baieztatzen dute; horien ustez, ekonomia berriz abiaraztearen ondorioz, herrialdeko kutsatze eta heriotza datuek okerrera egingo dute. Alde horretatik, nabarmentzekoa da jarduera ekonomikoa partzialki berrabiatu duten estatu batzuk, hala nola Iowa, Minnesota, Tennessee eta Texas, koronabirus kasu gehiago zenbatzen ari direla egunero. Eta Indiana, Kansas, Nebraska eta Arizona bezalako estatuak ere berrabiatzea prestatzen ari dira, nahiz eta haiek ere kasuen gorakada handia izaten ari diren oraindik.I.B.