GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Bi hezitzaileren hausnarketa koronabirus garaian


Nahasmen eta ziurgabetasuneko une hauetan gutxi omen dira zientzia komunitate osoak onartzen dituen informazio edo osasun aholkuak, eta kutsatzea ekidin ahal izateko guztiek bat egiten duten pauta bakarrak metro eta erdiko distantzia mantentzearena eta eskuak garbitzearena dira.

Baieztapen bi hauek abiapuntu gisa hartuta, Haur Hezkuntzako hezitzaile moduan zugana jotzen dugu azkeneko berrien aurrean gure kezka adierazteko, umeen familiakideek lan eginez gero 0-2 adin tartean asistentzia zerbitzua eskainiko zaiela ohartarazten delako.

Honekin jarraitu aurretik, normaltasun batera bueltatzeko desiratzen gaudela adierazi nahi dugu, hau da, lanera bueltatzea, nahi dugunean kalera irtetea edota gure sistema ekonomikoaren ongizatea mantentzea, familiei beren lantokietara bueltatzea erraztuz. Baina gure kezka ikaragarria da.

Haur eskolako funtzionamendua ezagutzen dutenek, etapa honen helburua umea seguru sentitzea eta emozionalki zaindua izatea dela jakingo dute eta honako hau distantzia fisikoa mantenduz lortzea oso zaila da. Umeek jolasean ematen dute denborarik luzeena eta mundua esploratzeko eta munduarekin komunikatzeko bidea lehenengo etapan ahoa da.

Umeak jostailu bat arakatu ahal izateko, ahora eramaten du eta nahiz eta gu egoera behatzen egon, edozein momentutan beste ume batek jostailu berbera hartu dezake eta ahora eraman berriro ere. Honetaz aparte, haurra gainontzekoekin elkarreraginean egoten da eta bere kideen arteko harremanak oinarrizkoak dira talde baten partaide direla ulertzen laguntzeko.

Konfinamenduak eta kalera irteterakoan ume bati eskutik oratzeak beraien artean kutsatzea ekiditen du, baina nola saihes daiteke hau 0-2 urteko ume talde batean, hainbat haur batera daudenean? Norbait kutsatuz gero bere familia arriskuan jartzen da, bere familiakideek gainontzekoekin harremanak mantendu eta berriro espiral batean sartzen gara, orain arte lortutakoa kolokan jarriz. Gaixotasunak kutsatzea saihestearen arazoarekin bizi gara hezitzaileak, umeak erraztasunez kutsatzen dira eta umeak beti osasuntsu datozela baieztatuko bagenu gezurretan arituko ginateke.

Askotan, lan munduak ezartzen dituen eskakizunek familiak beraien umeak haur eskolara ekartzera bultzatzen dituzte, nahiz eta guztiz ondo sentitzen ez direla jakin sarritan.

Orain, ondorio larriak dituen birusak ikaratu eta neurri murriztaileak hartzera eramaten gaitu, eta horrek hezkuntza sistemaren inguruko hausnarketa egitera behartu.

Iraila arte umeak ez dira eskolan hasiko eta bueltatzerakoan oinarrizko baldintzak oso ondo aztertu beharko dira, baina 0-2 tarteko umeak ordea? Espazio itxi batean zeintzuk izan daitezke hartu beharreko neurriak hain txikiak diren umeekin? Nola mantendu daitezke distantziak? Eta distantzia horiek mantentzea ezinezkoa izanez gero?

Ez dugu heroi izan nahi, eraginkorrak izan nahi dugu eta gure lana modu egokian burutu.