AURPEGI ESTALIAK NAGUSI KALEAN
OSTEGUN HONETATIK AURRERA JENDEA BI METROKO SEGURTASUN-DISTANTZIA MANTENDU EZIN DEN LEKUETAN ETA LEKU ITXIETAN MASKARAK ERABILTZERA BEHARTZEN DUEN ARAUAREKIN, MASKARA NAGUSITU EGIN DA HEGO EUSKAL HERRIKO UDALERRIETAN. HIRIGUNEETAN BEREZIKI JENDE GEHIENAK DARAMA AURPEGIA ESTALITA.
Atzo jarri zen indarrean Hego Euskal Herrian maskara erabiltzeko «derrigortasuna» bi metroko segurtasun tartea utzi ezin den lekuetan eta leku itxietan. Egia esan, maskararen erabilera gero eta ohikoagoa izaten ari zen herritarren artean, baina arau berri honek maskara erabat finkatzea eragin du.
Hala egiaztatu genuen Bilbon 9.30etik 11.30era buelta bat emanez. Hiriguneetan, maskararen erabilera nagusitu da. Adin guztietako jendeak zeukan jantzita eta aurreko egunekiko aldea nabari zen. Mota askotako maskarak ikusten dira, norberak telaz egindakoetatik hasita segurtasun maila handia dutenetara, baina kolore urdineko maskara kirurgikoak dira nagusi.
Batzuek ziurtatu ziguten asteak zeramatzatela maskara erabiltzen, eta arau berriak «ez diela asko eragin»; baina beste batzuek orain arte maskara ez dutela «asko erabili» aitortu ziguten. «Gaur da jantzi dudan lehen egunetako bat», esan zigun Albertok, Deustutik erosketak egiten zebilen bizilagunak.
Bilboko Alde Zaharrean ikus zitekeen gehien maskararen erabilera. Kaleak estuagoak dira hemen eta bizilagun gehienek zeukaten maskara jantzita. Hala ere, Bizkaiako hiriburuko Kale Nagusian ere, kalea askoz zabalagoa den arren, oinezkoen artean maskararen erabilera oso hedatuta ikusi genuen.
Udal merkatuetan, maskara erabiltzea derrigorrezkoa da duela egun batzuetatik, eta, beraz, egoera ez da asko aldatu. Erriberako merkatuan –Bilboko handiena– segurtasun guardia bat ikus zitekeen, sartzen eta irteten zen jendea kontatzen, edukiera ezin baita %40tik gorakoa izan, hau da, 200 pertsonatik gorakoa.
Arduraz jokatu
Egoera antzekoa zen Iruñeko Santo Domingo azokan. Bertan bildu ziren bezeroek maskara zeramaten, eta dendariek ere bai. Hiriko kaleetan gehienek maskara urdina erabiltzen dute, erakundeek eman dituzten azken gomendioei jarraituz. «Duela gutxi esaten zuten maskarak sintomak zituztenek erabili behar zituztela; gero Villavesan erabili behar zela esan ziguten, eta orain leku guztietan», nabarmendu zuen herritar batek.
Behintzat orain posible da maskarak erostea botika guztietan, baita supermerkatuetan ere. «Gaur egun ez dugu arazorik, baina egun zailak bizi izan ditugu», aitortu du Alde Zaharrean dagoen farmazia bateko langileak. Dioenez, herritarrek badakite beharrezkoa dela botikaren barruan maskara erabiltzea, beste hainbat leku publikotan bezala. «Jendeak arduraz jokatu du», esan zuen.
Iritzi berekoa da Richard, arropa denda bateko arduraduna. Kontzientziazio lana egin dute bezeroekin azken egunetan, eta jendeak «beldurrik gabe, kikildu gabe» maskara erabiltzea lortu dute.
Hirien kanpoaldean ikusten den errealitatea ezberdina da, ordea. Gasteizeko Salburua parkean, esaterako, goizean goiz askok ez zuten maskararik soinean, eta arratsaldean egoera antzekoa zen Judimendiko terraza batean.
Adinekoek bai, ordea, gehienek maskara zeramaten; izan ere, beraiek dute arrisku gehien. Ez gaixotasunaren larritasuna pairatzeko, baina bai birusa konturatu gabe gertukoen artean hedatzeko.