Maddi TXINTXURRETA
CRISIS DEL CORONAVIRUS

TAILERRETIK BULEGORA, LANAREN BI ALDE

EUSKAL HERRIKO LANGILERIAK BADITU OSO DESBERDINAK DIREN PROFILAK, ETA COVID-19AREN KRISIAK AZALERATU EGIN DITU BAKOITZAREN ALDEAK. DONOSTIAKO ZUATZUKO LANGILE ASKOK TELELANEAN ETXETIK JARDUTEKO AUKERA IZAN DUTE. 27 POLIGONOAN, BERRIZ, BI ASTEZ GELDIRIK EGON OSTEAN, BEHARGIN GEHIENEK LANERA ITZULI BEHAR IZAN DUTE.

Iragan asteazkeneko goizeko bederatzietan Donostiako Martutene auzoko 27 Poligonoan ohiko trafikoa zen nagusi. Auto, motor eta kamioien joan-etorria ez zen gelditzen. Ehunka enpresa, txiki eta handi, kokatzen diren industrialdean auto-tailerretako pertsianak ez zeuden jaitsita, egur langileak han ziren, animalien hiltegikoak ere bai, kamioilariak martxan, eta zarata, tailerrez betetako ohiko poligono batena. Ezohiko argazkirik ez.

Ez balitz enpresa guztien atarian hidrogel pote bat zegoelako, edo enpresa gehienetako langileek maskara jantzita zutelako, ez zen igarriko osasun krisian dagoela Euskal Herria eta, nahitaez, baita poligono horretako beharginak ere.

Tabernak bai, ordea, itxita zeuden. Ekai eta Txomin tabernek pertsianak jaitsita zituzten, Olatuk ere bai. Langile bat zebilen kanpoan, tabernako fatxada margotzen, eta, hark kontatutakoaren arabera, aste honetan hartu du 27 Poligonoak normaltasun kutsua, soilik «beharrezko» langileek beharrera joan behar zuten bi aste horietan poligono hau «desertua» zela dio, autonomoren batzuk baino ez zirela agertu bertan, tailerretan konponketa edo garbiketa lanak egitera. Olatu taberna astelehenean irekitzea espero du berak, baina «ez da hain erraza, eskatzen diren segurtasun eta higiene neurri guztiekin». Industrialdeak normaltasun itxura duen arren, oraindik «ziurgabetasuna» omen da nagusi.

Ilcapo enpresako garbitzaileak esan du enpresa honek zerbitzuak ematen jardun duela alarma egoera osoan, etxeetara janaria banatzeaz arduratzen baita. Azaldu du hasieran laneko «martxa» txikitu zela, jendeak beldurra zuela-eta, baina segituan berreskuratu dutela lan karga. Industrialdeari buruz galdetuta, goizetan trafiko «etengabea» dagoela dio, eta arratsaldeetan gutxiago, «agian jendeak goizez bakarrik egiten duelako lan».

27 Poligonoko Jabeen eta Erabiltzaileen Elkarteko Ainhoa Arregik, telefonoz, berretsi du industrialdeko enpresa gehienak funtzionatzen daudela jada, deseskalatzearen lehenengo fasean sartu ostean. Hala ere, begi bistan ikusten denak alarma egoera honek sor ditzakeen arazoak ezkuta ditzake. Arregiren ustez, etortzekoak dira, iraila eta urria bitartean. «Nik ilusioa eta gogoa nabaritzen ditut, baina gero agian ikusiko ditugu hustuko diren lokalak eta arazoak», esan du.

Industrialdeko enpresaren batek erregulazio espedienterik duen galdetuta, azaldu digu batez ere eraikuntzakoak daudela ataka zailean.

Zaratatik isiltasunera

Egun berean, pare bat ordu beranduago (11.00 aldera), Donostiako Zuatzu enpresa-parkean ez zegoen Martutenekoan besteko zaratarik. Isilagoa da Zuatzu berez, tailerrak baino gehiago bulegoak dituelako, baina aipatutako orduan bertatik igarotzen denak badaki aparkatzeko zailtasunak izango dituela, eta joan den asteazkenean ez zegoen horretarako arazorik.

Iñausti tabernak, itxita, kanpoan kartel bat zuen jarrita maiatzaren 25ean irekiko dutela iragarriz. Zenbait enpresatan, Kopidinen adibidez, ez dute uzten behargina ez den inor sartzen. Betifit ginmasioa ere itxita zegoen.

Langile askorik ez zen ikusten, erretzaile talde txikiak soilik eraikinen kanpoan, betiere segurtasun distantzia mantenduz. Horietako batek, Eurogap marketin enpresako langileak, kontatu zuen bera aste honen hasieran itzuli dela bulegora lanera, eta orain arte telelanean aritu dela, etxetik. Horretarako «malgutasuna» ematen omen dio enpresak. Berak esandakoaren arabera, gainera, Zuatzun langile askok izan dute telelanean aritzeko aukera, «enpresa eta sektorearen arabera». Langileak baziren Zuatzun, baina ohi baino gutxiago eta gehienak ezkutuan. Agerian zeudenak, Europa eraikineko kristala garbitzen zeudenak ziren, arnesarekin zintzilik.