Floren Aoiz
@elomendia
JOPUNTUA

Beti gogoan, Jon Idigoras!

Jon Idigoras 2005eko ekainaren 3an hil zen. Espainiar altxamendu faxistaren urtean sortua, bizitza osoa eman zuen frankisten eta beren ondorengoen kontrako borrokan. Jarduera politiko ezberdinetan jardun zuen, langile mugimendutik Herri Batasunera, zeinaren bozeramaile izan baikinen biok kartzelan sartu arte.

Hil arte ezkertiar abertzale sutsua izan zen, gatazkaren fase armatua gainditu eta beste agertokiak irekitzeko konpromisoari eutsiz. Hil zen unean klandestinitate berri batera eramaten ari zen espainiar estatua ezker abertzalea baina, hamabost urte pasata, begi-bistakoa da porrot handia jaso dutela, gaur egun orduan baino askoz ere eraginkorragoa baita subiranismoa. Erreforma laborala ezabatzeko akordioak, bere ñabardura eta atzera egite guziekin ere, beste estadio batean gaudela erakusten digu. Afera ez da EH Bilduk espainiar instituzioetan uztartzeko asmoa duenik, eskuratutako eraginkortasunak subiranismoa eta, beraz, geure estatuaren eraikuntza indartzeko duen balioa baizik. Aurrera doa Juanita Gerrikabeitiaren semearen egitasmoa, oztopoen gainetik, erronka eta aukera berrien kudeaketa konplexuaren bidez.

Hamabost urte hauek oso gogorrak izan dira, eta behin baino gehiagotan hauteman da Jonen falta. Komunikazio estilo berezia bezain emankorra zuen gure gizonak. Argi hitz egiten zuen, eta ongi ulertzen zitzaion. Edozein eraldaketarako funtsezkoak diren emozioak ongi astintzen zituen, ilusio faltsurik piztu gabe. Indarra adierazten zuen, erresistentzia luze eta gogor baten indarra, frankismoan lehertu eta erreforma posfrankistan gorpuztu zen euskal matxinadaren indarra. Hots, lider handia izan zen Jon Idigoras, konektatzeko gaitasuna zuelako, ilusio kolektiboak hauspotu eta irribarre konplizeak pizten oso trebea zelako.

Nola ahaztu partekatutako uneak, makurrenetatik gozoenetara? Tafallako elkarteko tangoak, sanferminetako txantxak, Kubako istoriotxoak. Beti gogoan, Jon!