GARA Euskal Herriko egunkaria
ZIRIKAZAN

Buruko fasea


Nahiz eta bizi izan dugun itxialdiak gauza urruna dirudien jada, amesgaizto hau guztia gaindituta dugulako sentsazioaz bizi bagara ere, oro har, denok segitzen dugu gutxi-asko hedabideak kontsumitzen, han esaten direnak ohartu ere egin gabe barneratzen, birusa berragertu eta orduan esparru guztietan benetako hekatonbea etorriko den beldurra su motelean elikatzen. Ondorioz, denok ez gaude fase berean buruari dagokionez, eta atzo ederki egiaztatu ahal izan nuen aspaldiko partez kuadrillako zenbaitek egin genuen piknikean.

Askotariko esperientziak, egoerak eta iritziak azaleratu genituen gaur egun ia hizpide bakarra dugunarekin lotuta. Zaila da uneren batean ez agertzea mahai gainean, eta ez komentatzea etorkizun hurbila gogoan zer uste dugun etorriko zaigula, agintarien jarrerak, erabakiak, jokabideak ez ezik, herritarronak ere ikusita. Gaitza da, nolabait esan, lehen bezala denbora bizitzako lelokeriez, azaleko kontuez edo, hizketan ematea, azken finean ez gaudelako ohituta etengabeko larrialdiaren eta normaltasunaren artean bizitzera, norbere bizitzako aferei aurre egiten jarraitu behar izateaz gain kolektiboki suntsi gaitzakeen zer ezezagun baten arnasa lepondoan jasan behar izatera, gaur lasai eta bihar larri. Ahal bezain ondo egiten ari gara, duela istant bat besterik ez bizi izan duguna atzean utzi eta bizitzen jarraitzeko, datorrenerako prest egoteko, jakinaren gainean enbata izugarria izango dela; beharbada, zorte apur batekin, ez maila pertsonalean, norbere eremu txikian, baina bai, duda barik, gure gizartean eta mundu osoan. Horregatik, funtsezkoa izango dugu pandemia atzean uzte horretan ez uztea atzean, ez ematea galdutzat, joandako bi hilabete eta erdian bizi eta sentitu izan duguna, pertsonon artean elkar zaintzeko eta duintzeko eragin ditugun gauza on guztiak. Buruan, fase horrek ez du iraungipen-datarik izan behar, hura are gehiago jorratzeko ahalegina egin beharra dugu.

Izan ere, jendea hasia da sinesten behin kalerako askatasuna berreskuratuta bukatu dela ipuinaren polita, bueltatu direla indibidualtasuna eta berekoikeria, lehen ere ondo bizi zirenak are hobeto eta izorratuta zeudenak are izorratuago biziko direla, eta munduak betiko martxa zatarrean jarraituko duela aurrera. Etsipena sumatzen dut jendearengan, eta kezkatzen nau uste horrek benetan indarra hartzea geure barruan, azkenean herriaren ahalmenean sinesteari utzi eta gure jomugak ezinezkoak direla ebaztea. Orduan bai gureak egingo duelako, inongo birusen laguntzarik gabe.