DISTANTZIA IZAN DAITEKE SEXIA, EZ DA ARRAROA BAIZIK BEREZIA
DISTANTZIA ERE IZAN DAITEKE SEXIA», BOTA ZUEN MAIALEN LUJANBIOK VILLABONA-AMASAKO PLAZAN. BERTSOA BUELTATU DA PLAZARA, BABES NEURRIAK ETA DISTANTZIAK ZAINDUTA. PROBA BAT DA, BEHARREZKO ESPERIMENTU BAT, BERTSOARENTZAT PLAZA ARNASA BAITA. ETA BAI, BEREZIA DA, BAINA BERTSO PLAZA.
Bertsozale Elkarteak etxeko atarian egin du esperimentua, Villabona-Amasako Subijana etxearen atzeko partean. Atzo arratsaldez bertso saioa izan zen bertan; zehazki, bi txandatan bi bertso saio izan ziren. Txanda bakoitzean 80 lagunentzako tokia atondu zen. Hasieran saio bakarra zen egitekoa, baina gonbidapenak airean joan zirenez, azkenean ordubeteko bi saio egitea erabaki zuen Elkarteak, guztira 160 laguni tokia egitearren.
Plaza berrogeialdian egon da eta plazako bertsolaritza isilduta. Egia da bertsoak topatu dituela zirrikituak itxialdian, likidoa delako eta asmatzen duelako forma desberdinak hartzen. Ez da hain erraza bertsoa isiltzen eta ibili da, sareetan eta teknologia lagun.
Baina plaza arnasgune garrantzitsua da bertsoarentzat, garrantzitsuena. Eta plazara bueltatzea inportantea da. Gainera, uda sasoia izaten da bertsoarentzat aldirik biziena. Horren jakitun, Bertsozale Elkarteak apustua egin du, plazako bertsolaritza bizi dugun egoerara eta exijitzen diren osasun neurrietara molda daitekeela frogatzeko. Duela egun batzuk Antzuolan izan zen “normaltasun” berriko lehen saioa eta atzo, Villabona-Amasan.
Amets Arzallus, Haritz Mujika, Miren Artetxe eta Maialen Lujanbio aritu ziren kantuan. Bertsozaleak plazara ordu erdi lehenago-edo hasi ziren sartzen, talde txikietan eta maskarak jarrita. Pilaketak ekiditeko, antolatzaileek sartzeko gutxi gorabeherako ordua eman zieten entzuleei. Eskuak garbitu, bi metroko distantzian paratuak zeuden aulkietan bat aukeratu eta eseri. Behin eserita, maskarak kentzeko aukera izan zen, bi metroko distantzia ziurtatuta zegoelako.
Eta distantziaz aritu ziren bertsolariak hasierako ariketan, xake taula bat zirudien publiko ordenatuaren aurrean. Distantzia beti ez delako kaltean, «zerekiko edo norekiko» distantzia nahiko luketen galdetu zien gai jartzen aritu zen Imanol Artolak. Amets Arzallusek «Madrildik eta Paristik inposatutako geografia berria» aipatu zuen eta «distantzia arroztasun horrekiko» nahiko lukeela esan. Saran bizi da Arzallus eta Bertsozale Elkarteak emandako «eta datuz betetako» paper batekin bidaiatu behar izaten du, kolore guztietako poliziak topatzen baititu bidean. Haritz Mujikak «egia ere distantziatik maiz hobeto ikusten da» kantatu zuen eta Miren Artetxek aitortza; «distantzia nahiko nuke nere buruarekiko». Maialen Lujanbiok «zenbat jenderi eman diodan nahi ez nituen bi muxu» bota zuen eta distantzia «logika berri batean» jartzeko desioa bota; «twitter lagunak» gertuegi eta albokoak urrunegi ez ote ditugun.
Eta horrela joan zen saioa, arrarotik berezira eta berezitik bizira. Eta plazan sentitu zen bertsozalea, arauak eta neurriak ahaztuta, bertsoaren aginduetara. Saioaren amaieran Imanol Artolak berriz argibideak eman zituen, maskarak jartzeko eta pixkanaka ateratzeko, pilaketak ez sortzeko. Eta orduan konturatu ginen “normaltasun” berrian geundela, bi metroko distantzia gure artean. Baina ia saio osoan bertso-neurriek agindu zuten.