D.L.

Haftar mariskalaren indarrek Tripoliko setio-gerra galdu dutela onartu dute

Libiako hiriburua eta inguruak baino ez zitzaizkion falta Haftar mariskalari herrialde osoa kontrolpean hartzeko. Urtebete luzeko setio eta aire-erasoen ondoren, bere indarrak ihesi ari dira orain, Turkiak babestuta Tripoliko Exekutiboak aurrera daraman erasoalditik ihesi.

Khalifa Haftar mariskalaren indarrak Tripolitik kanpora «zabaldu» direla onartu du Ahmad al-Mesmari bozeramaileak, bere etsaiek liskar gogorren ondoren Libiako hiriburua eta inguruak guztiz berreskuratu dituztela iragarri ostean.

Ostegunean Tripoliko hiri-aglomerazio osoa (mendebaldea) kontrolpean zuela iragarri zuen Batasun Nazionaleko Gobernuak (GNA), Libiako ekialdeko agintari militar Haftarrentzat azken jipoia izan litekeena.

Haftarren indarrak Nazio Batuen Erakundeak (NBE) proposatu duen negoziazioan parte hartzeko prest azaldu dira. Negoziazio mahai horrek bi aldeetako bosna kide eseraraziko ditu Genevan batzorde militar batean. Helburua su eten iraunkor bat lortzea da. Orain arteko saiakera guztiek porrot egin dute.

Libia osora

GNAko indarrek Ain Zara, Qasir Benghashir eta Uadi Rabea herriak berreskuratu dituzte eta, nazioarteko aireportua kontrolpean dutela, Haftarren miliziek hiriburutik 80 kilometrora duten azken gotorlekura, Tarhouna hirira, doaz jada. Mariskalaren komandanteak Bani Walideko aireportura ihesi doaz, 170 kilometro ekialderantz.

GNAko lehen ministro Faiez al-Sarrajek Libia osoa berreskuratzeko asmoa agertu du, bere aliatua den eta bere garaipen militarra ahalbidetu duen Recep Tayip Erdogan Turkiako presidenteari egin dion bisitan.

«Etsaia guztiz suntsitu arte jarraituko dugu», ohartarazi du harro, harroegi agian, Ankaran. Erdoganen ondoan.