07 JUN. 2020 Eskalada Bakarkako estiloan bi bide berri Mallorcako Levanten Itxialdia hasi baino lehen, Eneko Pouk, behetik hasita, «Corto Maltes» (6c/170 m) eta «Polvorilla» (7b+/170 m) zabaldu zituen. Ondoren, bi proposamen horiek kateatzeko aukera izan zuen. Andoni ARABAOLAZA Mallorca bigarren “etxea” duela argi erakusten du Eneko Pouk. Azken bolada luze honetan, behintzat, hango hormetan jarduerak egiten ari da. Eta horren isla da hurrengo lerrootan jorratuko dugun berria. Eskalatzaile gasteiztarrak bi bide berri aurkeztu ditu. Itxialdiaren aurretik eginikoak dira, baina horien berri orain eman du. Mallorcako Levante izeneko alderdian 170 metro luze diren bi proposamen berri ireki ditu: “Corto Maltes” (6c) eta “Polvorilla” (7b+). Bietan ere bakarka jardun du. Behetik hasita eta eskalada librea eta artifiziala bateratuz sortu ditu bi marra horiek. Sortu ondoren, eskalatzaile honek biak kateatzeko aukera izan du. Lehendabiziko bidea, “Corto Maltes”, samurragoa da, baina Pouk aipatu du eroria duten hainbat sekziotan arrokaren kalitatea txarra dela, eta horregatik segur aski errepikapen gutxiago izango dituela. Bestalde, marra berriaren inguruan adierazi du erori nahikoa duela: «Batez ere, 2, 3, 4 eta 5 luzeak. Marra honek paraboltak ditu, baina ez asko. Luze batean gehienez lau jarri nituen. Beraz, norbere burua babesteko friendak eta fisureroak eraman behar dira. ‘Corto Maltes’ zabaldu ahal izateko hiru egun behar izan nituen. Ondoren, egun bateko eskaladan puntu gorria jarri nion». Gogorragoa Inguru edo pareta horretatik irten gabe, beste proposamen batean buru-belarri ibili zen Pou. Aurrekoa baino zailagoa da, eta horri “Polvorilla” izena jarri dio: «Onartu behar dut zailtasunean ‘Corto Maltes’ baino gogorragoa dela. Baina arroka hobeagoa duenez, aukera eman zidan txapak nahiko aldenduta uzteko. Buruari asko eskatzen dio, baina aurreratu nahi dut ez dela arriskutsua». Proposamen horrek sei eguneko lana eskatu zion. Eta beste bi egun, luze guztiak kateatu ahal izateko. “Corto Maltes”-ek bezala, sei luze eta 170 metro ditu: «Zabaltzeko estilo bera erabili dut, eta, oro har, zailtasunean oso iraunkorra da. Luze guztiak zazpigarren mailakoak dira. Lan horretan ari nintzela, ezusteko ederra izan nuen. Hobeto esanda, bidearen giltzan eroriko handia izan nuen». “Corto Maltes”-ekin alderatuta, “Polvorilla” erabat ekipatuta dago. Pouk aipatu nahi du lehen luzerako soilik pare bat friend eraman behar direla. Bidearen ezaugarriei dagokienez, honakoa gehitu nahi izan du: «Indartsu dauden eskalatzaileentzat erakargarria da». PROPOSAMENAK Itxialdia hasi aurretik, Eneko Pouk 170 metroko pare bat bide berri zabaldu zituen Mallorcan: «Corto Maltes» (6c) eta «Polvorilla» (7b+)