14 JUN. 2020 ALPINISMOA Kazakhstan ezezagunean urrats «fresko» berriak egiten Maiatzaren amaieran, Grisha Schukin eta Kirill Belotserkovskiy alpinistek Trud mendiaren (4.635 m, Talgar mendilerroa) mendebaldekoaurpegian bide berri bat zabaldu zuten. 1.200 metro luze da, eta honako zailtasun teknikoak ditu: M6, WI5 eta 6b. Errusiar eskalan, 5B. Andoni ARABAOLAZA Hurrengo lerrootan jorratuko dugun jarduera alpinistikoak eite ezberdinak ditu. Lehenik eta behin, aurreratu behar dugu Kazakhstanera joango garela. Alde guztietatik begiratuta, oro har, herrialde ezezaguna dugu. Eta, jakina, gure atal honi dagokionez, bada oso zaila egiten zaigu hango mendi bat aipatzea. Beraz, berri hau beste “mundu” bat zabaltzeko baliagarria izan daiteke. Bestetik, nolabait esateko, ezusteko baten aurrean gaude. Bai, zalantzarik gabe, pandemia honek munduko herrialde ia guztietan alpinismoa eten egin du. Baina Kazakhstanen covid-19 gaitzak ez omen ditu bazterrak gehiegi aztoratu. Aurrerapen txiki hori egin eta gero, jakina, protagonistei hitza emango diegu. Grisha Schukin eta Kirill Belotserkovskiy ditugu. Azken horrek, iaz, aurrenekoz bisita egin zigun. Max Ten- kidearekin batera Chon-Turasu mendiaren (5.729 m, Kirgizistan) ipar hormaren lehen igoera sinatu zuen. Orain, berriz, etxean bertan eginiko beste jarduera baten berri emango digu. Trud mendiaren (4.635 m) mendebaldeko aurpegian sokada horrek bide berri bat zabaldu du. Ez da lehena, baina, osasun krisia kontuan hartuta, uste dugu aipatzeko modukoa dela. Denera, 1.200 metroko proposamen berria sortu zuten. Eta honako zailtasun teknikoak ditu: M6, WI5 eta 6b. Errusiar eskalan, 5B. Irakurri bezala, eskalada horretan osagai alpino guzti-guztiak aurkitu zituzten. GARArekin hartu-emanetan jarri zenean, kazakhstandar honek esan zigun bere herrialdean ditxosozko birusarekin ez dutela arazo larriegirik izan: «Zuek ez bezala, hemen nahiko lasai egon gara. Alabaina, guri ere ‘astindua’ eman digu egoerak lan faltagatik eta aukera izan dut etxeko mendietan lasai jarduteko. Gainera, bakar-bakarrik ibili naiz. Sasoiari eusteko balio izan dit, eta, azkenean, Grisharekin batera, Trud mendian eskalada ederra egiteko aukera izan dut». Lehen aurkezpena eta gero, Belotserkovskiy berari azaldu genion bai jardun duen mendia ba ingurumari hori oro har guretzat erabat ezezaguna dela. Ia denborarik eman gabe, kazakhstandarrak zera aurreratu digu: «Talgar izeneko mendilerroan dago; hots, Trans-Illi-Alatauko gailur garaiena da. Mendilerro horren alde batean zintzur bat dago, eta han bertan kanpaleku alpino bat antolatzen zen lehen. Orain, animalia batzuk bazkatzen egoten dira eta hartzak noraezean ibiltzen dira. Beste alde batean, berriz, Korzhenevsky glaziarra dago, inguru horretako handiena. Laumilako mendi asko daude, eta, garai batean (batez ere aurreko mendean), eskalada asko egin ziren. Baina, egun, ia erabat ‘desagertu’ da. Zibilizazio arrastorik ez dago». Aurkezpen lanon ondoren, Belotserkovskiyk adierazi zigun Trud mendiaren mendebaldeko horma aurretik ezagutzen zuela. Izan ere, duela bost urte bide batean sartu zen bertan, baina gauza handirik egiteko aukerarik ez zuen izan: «Baldintzak oso kaskarrak ziren, eta ez nuen behar adina eskarmenturik izaera horretako eskalada bati ekiteko. Arantza hori kentzeko, asko entrenatu dut. Etxean bertan eta Tuyuk-Su izeneko alderdian. Mendi gidaria naiz, eta, pandemiaren erruagatik, ez dut lanik izan. Eguraldi dotorea genuenez, Grishari deitu nion, uste bainuen jarduera interesgarri bat egiteko aukera genuela. Gaztea da Grisha, baina oso indartsua». Gorabeherak Maiatzaren 25ean alpinistok martxan jarri ziren. Hurbilketa bideari dagokionez, oso gorabeheratsua izan zen. Adibide gisa, arazoak izan zituzten errekak zeharkatzeko: «Ur emaria handia zen, eta une jakin batean zuhaitz baten enborra hartu, errekaren beste aldera bota eta nolabait zeharkatu genuen. Inguru oso basatia da, eta elurretako lehoinabar baten arrastoak ere ikusi genituen. Bestalde, zintzur batean sartu ginen; landaretza asko zegoen. Baita animalia ezberdinen aztarnak ere: adarrak, apatxak... Grishak, gainera, hartz baten gorotz freskoa zapaldu zuen. Urduri jarri zen!». Arratsaldeko lauretako, basoa gainditu eta morrena batera heldu ziren. Dendak altxatu eta han bertan gaua igaro zuten. Hurrengo bi egunetan, Trud mendiaren ikuspegi egoki bat aurkitzen jardun zuten. Hilak 28an, eskalada eguna izan zuten. Hotz egiten zuenez, glaziarra baldintza egokietan zegoen; bederen, elur gogorrarekin egin zuten topo. Erritmo onean bidearen oinarrira heldu ziren: «Nahiz eta lehen aldatsak tenteak ziren, ensamble eran igo ginen. Sekzio gogor baten aurrean geunden. Aurreko ekinaldian izotza zegoen, baina orain garbi-garbi. Couloir batean sartu eta hortik tximinia batzuetan eskalatu genuen. Lehen luzeak arazorik gabe gainditu genituen. Zailtasun tekniko handirik ez izan arren, eskalada oso interesgarria izan zen. Nire luzeak eskalatu ondoren, Grishak lekukoa hartu zuen. Izotza oso mehea zen, eta nahiko hauskorra. Zutabe bati ekin zion. Lan ederra egin zuen; izan ere, oso arriskutsua zen. Hurrengo 40 metroak, izotzean, askoz ere errazagoak izan ziren». Nahiz eta sekzio zailak gainditu zituzten, bi kazakhstandarrok egoera kontrolpean izan zuten une oro. Tximiniak, izotz kandelak, mistoa... denetarik eskalatu zuten. Hein handi batean, bederen, Belotserkovskiyk adierazi zigun aurreko ekinalditik soilik eroria zuen tximinia bat zuela gogoan: «Bigarren saio honetan, sekzio horretan dena eman behar izan nuen hura gainditzeko. Ez nengoen batere lasai, arroka asko solte ziren, eta behin eta berriro zati batzuk Grishari botatzen nizkion. Arrokazko tarte batzuk katu-oinekin eskalatu nituen. Bat-batean sabai batekin egin genuen topo. Elur hezea eta arroka. Ohartu gabe, goialdetik eroritako harkaitz puska batek kolpatu egin ninduen. Masailean zauria egin zidan; odoletan nengoen. Zorionez, susto txiki bat izan zen». Hormaren zati gogorrenak patrikan zituzten, baina gailurra zapaltzeko oraindik ukitu gabeko beste sekzio batzuk eskalatu behar zituzten. Ertzera iristeko 80 metro falta zitzaizkien. Eta ohartu ziren aurrean zituzten plakak saihesteko aukera zutela. Azken metroak ez ziren batere atseginak izan, ertzean zegoen elurra oso sakona baitzen: «Gerriraino sartzen ginen. Bazirudien samurra izango zela, baina une oro jaisten eta igotzen egon ginen. Horrela pare bat orduz. Murru eta gendarme batzuk aurrez aurre genituen. Horiek eskalatu eta horizontala zen beste ertz batean sartu ginen. Mendiaren puntu edo tontorra zein zen ez zegoen garbi. Puntu batera heldu eta iruditu zitzaigun gure eskalada bukatu genuela». Lan bat bukatu zuten, baina oraindik jaitsiera zuten aurretik. Belotserkovskiyk azaldu zigun jardun luze eta gogorra izan zela: «Jaitsiera osoan ez genuen arazo handirik izan. Baina leher eginda geunden. Azkenean, morrenara heldu ginen. Onik, gainera. Goizeko ordu biak ziren. 23 orduko jarduna izan zen! Alabaina, ondo baino hobeto pasa genuen. Morrenara iritsi bezain pronto, lo-zakuan sartu nintzen. Grishak, berriz, zartagina atera eta afaldu egin zuen!». TEKNIKOA Bi kazakhstandarrok 1.200 metroko bide bat ireki dute. Eta honako zailtasun teknikoak ditu: M6, WI5 eta 6b. Errusiar eskalan, 5B. Denera, 23 orduko jarduna izan zen. BASATIA Bi protagonistok nabarmendu dute Talgar mendilerroak oso bisita gutxi jasotzen dituela gaur egun. Animalia basati askoren aztarnak ikusi zituzten. KAZAKHSTAN Iragan maiatzaren amaieran, Grisha Schukin eta Kirill Belotserkovskiy alpinistek Trud mendiaren (4.635 m) mendebaldeko horman bide berri bat ireki zuten.