16 JUN. 2020 JOPUNTUA Istorioak Maider Eizmendi Kazetaria Azken hilabete hauetan inoiz baino gehiago bidaiatu du; trenez eta autoz ibili da eta zaldi gainean ere bai estreinakoz. Igerian jakin gabe, itsaso zabalean egin du igeri eta mendietan gora igo da. Harreman indartsuenak ere hauskor bilakatu direnean, bere egunerokoan pisua hartzen joan diren pertsonak ezagutu ditu: batzuk maitagarriak iruditu zaizkio eta maitatu egin ditu; beste batzuk gorrotagarriak sentitu ditu eta indarrez gorrotatu ditu, nola gainera. Beldurra sentitu du, barre egin du eta negar ere bai. Bizitzeko, maitatzeko, janzteko eta jateko modu desberdinak ezagutu ditu eta paisaia desberdinetan ez ezik, garai desberdinetan atzera eta aurrera ibili da; ibili gara, haren hitzetatik eta begietatik ezagutu ditut-eta nik istorio horietako asko. Aspaldian albora utzi zuen ohitura. Ez daki ondo zergatik, nagiagatik akaso, lanagatik seguru asko; bidaiatzeko orain beste beharrik sentitzen ez zuelako, agian. Itxitasunak eta harekin bat sentitu duen bakardadeak balio izan dio, ordea, mundura zabaldu nahi izateko, eta orrialdez orrialde topatu du horretarako bidea. Haietan azkar egin ohi du irrist hasieran, baina erritmoa jaisten du amaieran, ezagutu dituen pertsonak azken orrian agurtu beharko dituelako, haiek ez diotelako gehiago sentipen berririk eragingo, ez onik eta ez txarrik. Baina mundu bat ixten zaionean, bestea zabaltzen du eta horrela ari da, bizitza berriak bata bestearekin kateatzen. Etxeko apalean ahaztuta eta hautsak hartuta zeuden liburuak astindu ditu lehenik eta behin, eta etxetik ateratzeko aukera izan duenean, gehiagoren bila hasi da. Orain badu kalean atzera eta aurrera ibiltzeko aukera, kotxez eta trenez bidaiatzekoa eta baita mendietan gora egitekoa ere; distantzian bada ere, agurtzen ditu ezagun eta lagunak, eta besarkatu eta musukatu etxekoak; baina bazkalostean istorio artean beste bizitza batzuetan barneratzeko hartzen duen tarte hori sakratu bilakatu zaio jada. Agian, egoera honek irakaspen asko utziko dizkio, edo agian ez, baina irakurzaletasunarekin adiskidetzeko balio izan dio eta bakardadea gainditzeko laguna egin du. Etxeko apalean ahaztuta eta hautsak hartutazeuden liburuak