23 JUN. 2020 JOPUNTUA Normaltasun orwelliarra Mikel Ibarguren Idazlea Pandemiak ekarritako konfinamenduak, alarma egoerak, asaldurak, beldurrak, doluak, paradoxak eta ustezko normaltasun berriak utzitako ondorioak formateatuko digu hemendik aurrerako denbora soziopolitiko eta kulturala. Normaltasun berria deitzen diote konfinamendu osteko egoera honi, baina nago ez ote duen lehengo lepotik burua normaltasun honek ere. Liberalismoaren ebanjelio zaharretik ezarria izan zaigun neoliberalismoaren ebanjelio berriak –batzuen ustez, agonia luze batean sarturik dagoenak– bere piezak mugituko ditu beti bezala egoera zahar-berri honetan birkokatzeko. Neoliberalismoak estatua kapitalaren mende jarria du eta koronabirusarekin garbi ikusi da kapitalismoarentzat pertsonak giza baliabideak baino ez direla, natura ere natura-baliabide den bezainbat. Denari etekina ateratzen dion ekonomia kapitalistak bere betiko lege zaharrean jarraituko du, beraz, hemendik aurrera ere. Historian zehar izan diren krisi guztien antzera krisi honek ere langile eta herritar prekarizatuenak kolpatuko ditu. Pandemiaren aurretik zeuden ezberdintasun sozialak areagotu baino ez ditu egingo, bizitzak eta bizitzak daudelako. Ez delako berdin 10 metro karratuko “pisu patera” batean bizitzea edo txalet handi batean. Egoerak eta egoerak daudelako. Behar ekonomiko larrian dagoen gero eta jende gehiago dagoelako hemen bertan. Oscar Garcia Jurado ekonomialariak dio mugarik gabeko hazkunde ekonomikoan oinarritu den kapitalismoa krisian zegoela pandemia aurretik ere eta orain kudeaketaren errelatoa ari dela inposatzen. Kudeaketa on honek ekarriko digu berriz ere normaltasun hori, pandemia aurretik ere normala ez zen egoera hori are gehiago arrakalatuz. Normaltasun berri horren ideia iruzurra da, haren ustez, eta hautsi egin behar da ideia hori. Izan ere, egiaz askatasuna galtzearen truke zer dugu irabazten? Hemen da mundu orwelliarraren normaltasun berria edo, nahi bada, normaltasun orwelliarraren mundu berria. Kudeaketa on honek ekarriko digu berriz ere normaltasun hori, pandemiarenaurretik ere