Festazale baten burutazioak
Festa maite dut; ezagutzen nauen orok badaki. Musikaria ere banaiz, kazkarra, baina musikaria, eta, festa giroan jotzea gustuko dudanez, saxoak begiratzen nau egunero, kalera noiz aterako garen galdezka. Festen arabera antolatu dut ene bizitzaren tenporalitatea, baita Iruñeko kartzela zaharrean eman nituen sanferminetan ere. Tafallako, hau da, sortu nintzen herriko, festak ditut gustuko, bizi naizen Iruñekoak ere bai, eta zerrenda luzea osatuko nuke aurten gozatu nahiko nituzkeen jaiekin. Elkarteren batean emandako une gozoak, dantza alaiak, kanta ederrak, udako gau freskoak, eguzkitako betaurrekoak jantzita ibilitako goiz argitsuak, moskobitak, arrautzak urdaiazpikoarekin eta ardoa gaseosaz... bestondo txarrak ere faltan eman ditut azken asteotan! Banekien birus madarikatuak festak bertan behera geldiaraziko zituela, baina mina sentitu dut baieztatu denean.
Festa, herri honetan, bizitza pertsonal eta kolektiboaren zikloetako mugarri garrantzitsua da, eta ekonomian ere izugarrizko eragina du. Festak herriaren taupadaren formak dira, eta poz eta tristura kolektiboek eragin handia dute: ezin ahantzi, esaterako, 1978ko sanferminak. Jaiak pribatizatu nahi dituzten arren, herriarenak diren heinean, herri gisa kudeatu beharko genuke aurtengo egoera berezia. Instituzioek iniziatiba hartu beharko lukete erronka horretan, baina Euskal Herriko hiri buruzagiaren bolantean ez dago zintzotasunik, ezta lidergorik ere. Izan ere, Iruñeko festek, munduan parerik ez duten horiek, arduraz aritzea eskatzen digute urte arraro honetan, udaletxean jabetu ez badira ere. Egunotan gogora etorri zaizkit konfinamendu ofizialaren aurreko egunak. Hainbat tabernarik eta bestelako enpresa eta erakundek pertsianak jaitsi zituzten instituzioen neurrien aurretik. Berriro gertatzen ari da, eta oraingoan ere, herritarroi egokitu zaigu urrats bat ematea. Horrela ere herria egiten baita, bihotzeko minez esaten badut ere: aurten sanferminik ez.