GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Eki-enegarrena


Elektrizitatearen kontsumoa oinarrizko beharra da herritar guztientzat. Industria Institutu Nazionalak familia-aurrekontuei buruzko inkesta argitaratzen du urtero eta, dioenez, elikadurak eta etxebizitzaren alokairu eta hipotekek soilik gainditzen dute elektrizitate eta gasaren gastua: EVEren arabera, 1.037 euro etxebizitza bakoitzeko urtero. Horri gehitu behar zaio enpresa pribatuek eta erakunde publikoek kontsumitzen duten energia guztia, etxebizitzetakoa baino dezente gehiago baita. Bada, negozio hori guztia bost konpainia nagusiren esku dagoela estatu osoan jakin badakigu, baita argindarraren fakturaren zati handiena horietako hiruk kobratzen dutela: 2019an 51.000 milioi euro irabazi zituzten. Hortxe, beraz, elektrizitatearen merkatua zehazten duen oligopolioaren definizio sinplea. Energia kostuaren %40 soilik dago lotuta kontsumitutako elektrizitatearen prezioarekin. Gainerakoa, ekoizle eta kontsumitzaile handiek jasotzen dituzten laguntza uherretarako erabiltzen da. 1998 eta 2019 artean 21.000 milioi euro eskuratu zituzten. 2019an familia-unitate batek ordaindutako batez besteko kw/orduko prezioa, zergak kontuan hartu gabe, 2008an ordaindutakoa baino %73 handiagoa izan zen. Atera kontuak.

Joan den astean Eusko Jaurlaritzak EAEko eguzki-planta fotovoltaikorik handiena eraikitzeko proiektua aurkeztu zuen Armiñonen, 200 hektareako eremuan (280 futbol-zelairen azaleraren pareko). Mega-proiektu honen parte dira Iberdrola (%75), Jaurlaritzaren EVE, Arabako Aldundiaren atxikipenez (%20) eta Mondragon-Krean Taldea (%5). Berriz ere, oligopolio elektrikoaren enpresa handienetako bat, diru publikoz ureztatutako ekoizpen handia menderatzen. Berriz ere, energia berde eta jasangarritasunaren izenean, kanpainaurreko argazki eta pantomima berbera Enegarrenez, enperadoreak biluzik segitzen du. Hainbat udal eta hezkuntza erakundek hartu dute dagoeneko iniziatiba. Botere publikoek sistema elektrikoa herritarren esku jartzeko aukera baliatu dute eta autokontsumorako eguzki instalazioetan masiboki inbertitu, etxebizitzetako, eskoletako eta industrietako teilatuak estali, eta hori dena, landa-lurrik okupatu gabe.