29 JUN. 2020 Surf «Surf Park» egitasmoa: Olatu artifizialak Donibane Lohizunen Boardriders konpainiak olatu artifizialak sortzen dituen igerileku bat eraikitzeko proiektu bat du Donibane Lohizunen. Wavergarden enpresa gipuzkoarrak gauzatuko luke egitasmoa. Ingurumenean izango lukeen inpaktuaz ohartarazi dute hainbat elkartek. Haritz LARRAÑAGA Sarri argitaratzen dira olatu artifizialak sortzen dituzten igerilekuen eraikuntza proiektuak, baina oso kasu gutxitan gauzatzen dira egitasmoak. Parisen, esaterako, berriki aurkeztu dute “La Vague Grand Paris”, 250 milioi euroko aurrekontuarekin, WhiteWater enpresaren teknologia baliatuz eraikiko litzatekeen surf igerilekua. Euskal Herritik gertuago, “Wavelandes Atlantique” proietkua ere aurkeztu zuten, Landetan egiteko, baina proiektu hau ere airean da; izan ere, 2024ko Olinpiar Jokoetarako hautagaitza aurkezteko baliatu zuten egitasmoa, baina azkenean Batzorde Olinpikoak Tahiti hautatu zuen surf olinpiadak egiteko. Boardriders enpresa, Europako egoitza nagusia Donibane Lohizunen duena, Lapurdin surf igerileku bat eraikitzeko prestaketa lanetan ari da, Wavegardenekin. Quiksilver markak Billabong marka bere egin zuenean, beste marka batzuen ardura ere hartu zuen, eta horien artean da, adibidez, Boardriders marka; horregatik, Donibane Lohizunen dagoen egoitza partekatzen dute biek, eta, hain zuzen ere, egoitzaren gibelean dauden lurrak baliatu nahi dituzte igerilekua eraikitzeko. Donibane Lohizuneko egoitzaren aitzinean skate parke bat eraiki zuten, Udalarekin elkarlanean, eta egitasmo berria ere antzera eraikitzea izango litzateke xedea. Hau da, enpresak dirua jarriko luke, baina lurrak eta eraikuntza baimenak Udalarekin partekatu beharko ditu. “Surf Park” delakoa eraikitzeko hautatu duten guneak nekazariak haserrearazi ditu; izan ere, sarritan salatu izan dute aberatsentzako etxe handiak eraikitzeko erosten diren lurrak nekazaritzarako oso baliagarriak direla, baina ez dira lurrak lantzeko erosten. Lapurdiko kostaldean gertatzen ari den «kolonizazioaren» ondorioz lantzeko gero eta lur gutxiago dagoela salatzen dute nekazariek. Arazo horri aurre egiteko sortu zen 2013. urtean Lurzaindia, «lurra laborantzako tresnatzat babesten eta espekulazioaren aurka diharduen» Ipar Euskal Herriko taldea. Lurra eta eraikinak erosten ditu Lurzaindiak, ondoren epe luzera eta prezio egokian nekazaritzan edo abeltzaintzan lan egin nahi duten pertsonei alokatzeko. Hala ere, ez dira soilik abeltzain eta nekazariak kexatu olatu artifizialeko igerilekuaren kontra. Beste hainbat elkarteren artean, Surfrider fundazioak ere lehen aldiz bere desadostasuna erakutsi du argitaratu duen agiri baten bitartez. Surfrider kontra Askotan eskatu izan diote itsasoak eta ozeanoak babesteko 1990. urtean sortu zen irabazi asmorik gabeko erakundeari olatu artifizialak sortzen dituzten igerilekuen inguruan zein iritzi duen adierazteko. Orain artean, eztabaida ekidin du Surfrider Europe fundazioak, baina ekainaren 15ean, lehen aldiz zezenari adarretatik heldu eta auzi honetan zer iritzi duen argitu zuen. «Sarri eskatu digute olatu artifizialen aferan gure jarrera zein den agertzeko; alde batetik, halako proiektuen kontra dauden elkarteak zuzendu dira gugana eta, bestetik, proiektuen sustatzaileek ere gure sostengua nahi dute, olatu artifizialen eraikuntzan lagun dezagun», azaltzen du Surfrider Europe-k argitaratutako idatziak. Gauzak horrela, lehen aldiz kaleratu du olatu artifizialen inguruan duen iritzia Surfrider Europek. Argi eta garbi adierazi du ez dutela «olatu artifizialak sortzen dituen proiekturik babesten» eta hiru arrazoi nagusi eman ditu: «Igerileku horien eraikuntzak lur naturalak artifizial bilakatzen ditu, funtzionatzeko ur kontsumo handia dute eta energia kantitate handia behar dute». «Horiek, nagusiki, aisialdi proiektu ekonomikoak dira, eta horien garrantzia zalantzan jar daiteke; batez ere, egitura horien kokapena ozeanotik eta olatu naturaletatik gertu dagoenean», dio Surfrider fundazioak. Igerilekua eta hotela Donibane Lohizunen dagoen Jaldayko jarduera-eremuan gauzatuko litzatekeen proiektua tokiko hiri-planaren baitan kokatzen da. Joan den otsailaren 22an onartu zuen proiektua Euskal Elkargoak. Udal kontseiluaren bozketan, ostera, Herri Berri taldeak bakarrik bozkatu zuen egitasmoaren kontra. Proiektua oraindik hastapenetan da, baina 2021etik aurrera lortuko den plangintza baimena eskuratuko dutela aurreikusten dute sustatzaileek. Helburu naturaletarako eta nekazaritzarako erabiltzen diren lurretan eraiki nahi duten egitasmoak 155 metroko luzera duen olatu-igerileku bat proposatzen du, 25.000 metro kubikoko edukiera duena (hamar igerileku olinpikoren baliokidea). 1.500 metro karratuko azalera duen eremu batean, igerilekuaz gain beste hainbat proiektu ere jasotzen dira, hala nola, salmenta-eremu bat, taberna, jatetxea, igerilekura begira dauden terrazak, garagardo-denda bat, baratze bat eta 100 logela dituen 4 izarreko hotel bat. Islarik ez hauteskunde kanpainan Tokiko hiri-plangintza planaren arabera, parke erraldoi honen anbizioa «produktu berrien diseinuan zein ozeanoen, neguko kirolen eta ur kirolen sektorean mundu mailako erreferentzia bat sortzea da». Sustatzaileen esanetan, «proiektuaren atzean naturaren maitaleak daude». Atzo bertan Ipar Euskal Herrian egin ziren herri hauteskundeen kanpainak luze jo du, bi itzulien artean covid-19ak sortutako osasun krisia gailendu baita, baina «gai honek ez du batere oihartzunik izan kanpainak iraun duen bitartean», salatu zuen Pierre Koch, Donibane Lohizuneko Herri Berri alderdiko hautagaiak. SURFRIDER EUROPE «Igerileku horien eraikuntzak lur naturalak artifizial bilakatzen ditu, funtzionatzeko ur kontsumo handia dute eta energia kantitate handia behar dute». NEKAZARITZA LURRETAN Helburu naturaletarako eta nekazaritzarako erabiltzen diren lurretan eraiki nahi duten egitasmoak 155 metroko luzera duen olatu-igerileku bat aurreikusten du, 25.000 metro kubikokoa.