Ainara LERTXUNDI
R

ROSA ZARRA, AITORTZAREN ZAIN 25 URTE DARAMATZAN FAMILIA

Emaztea eta ama galdu zuten duela 25 urte, 1995eko ekainaren 30ean. Rosa Zarra zuen izena. Zortzi egun lehenago, Ertzaintzak distantzia gutxira botatako pilotakada bat jaso zuen sabelaldean Donostiako Anoeta estadioaren inguruan. Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren gorpuak herriratu zituztenean egondako kargak salatzeko Euskal Herria Askatu plataformak deitutako elkarretaratzea egin zen egun horretan. Rosa bukatutakoan gerturatu zen. Juan Mari Atutxak berezko heriotza izan zela adierazi zuen.

Duela 25 urteko ekainak irudi gogorrak eta mingarriak utzi zituen. 1995eko ekainaren 21ean, ia hamabi urtez desagertuta egon ostean, Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren gorpuak Euskal Herriratu zituzten. Hondarribiko aireportuan, Guardia Zibila, Polizia espainola eta Ertzaintza bertaratutako senideen, adiskideen eta lagunen kontra gogor oldartu ziren, hainbat zauritu eraginez. Ordu batzuk geroago, Ertzaintzak berriro kargatu zuen Tolosako hilerrian, bahitutako eta desagerrarazitako bi errefuxiatuen senideek gorpuak autotik atera nahi izan zituztenean.

Hori guztia salatzeko Euskal Herria Askatu plataformak elkarretaratzea deitu zuen ekainaren 22an, Donostiako Anoeta estadioaren parean, orduan bertan kokatuta zegoen Bakearen Usoaren inguruan. Toki berean, ostegunero, Alditrans enpresako langileak elkarretaratzea egiten zuten ETAk bahituta zuen Jose Maria Aldaia enpresaburuaren askatasuna eskatzeko. Egun horretan bertan, Lasa eta Zabalaren aldeko elizkizunak egin ziren Tolosan. «Rosa eta biok Tolosara joatekoak ginen, baina bezperan, gorpuak iritsi zirenean gertatutakoa ikusi ondoren, ez joatea erabaki genuen. Ni Anoetara joan nintzen, Euskal Herria Askatuk deitutako mobilizaziora. Rosa ez zen etorri, etxean gelditu zen. Ondoren, nire bila etorri zen Maiderrekin, alabarekin», gogora ekarri du Xabier Irazusta senarrak alabarekin batera NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketan.

«Egun horietako giroa oso gogorra zen. Aita bertan zegoela bagenekien eta amarekin azaldu ginen une horretan giroa lasaiago zegoelako, nahiz eta tentsioa egon eta lehenago jendea Zorroaga alderantz korrika atera. Baina ama eta biok iristean, nahiko lasai zegoen; estadio parean dagoen etxebizitza dorrearen arkupetan geunden jendearekin hizketan», gaineratu du Maider Irazustak. «Momentu batean, ertzain bikote bat gerturatzen ikusi nuen eta tiro hots bat entzun. Harrituta gelditu ginen, gu ez geunden deus ere egiten, hitz egiten besterik ez. ‘Zer egiten dute honantz tiro egiten?’, pentsatu nuen. Begiratu eta Rosa lurrean ikusi nuen; ni bost bat metrotara egongo nintzen. Emazteari hamar bat urte lehenago giltzurruneko transplantea egin zioten eta horretan pentsatu genuen lehenbizi. Anbulantzia gertu zegoen eta segituan eraman zuten ospitalera», gogoratu du Xabierrek.

Ospitaletik etxera bidali zuten arren, okerrera egin eta ekainaren 30ean hil zen. Auzitegiko medikuak arrazoi naturalengatik hil zela esan zuen eta argudio hori erabili zuen garaiko Lakuako Segurtasun sailburua zen Juan Mari Atutxak Legebiltzarrean; Rosa Zarra modu batera zein bestera hil egingo zela esan zuen, sabelean, bertatik bertara botatako pilotakadak ez ziola heriotza eragin defendatzeko. Oraindik ere mingarriak egiten zaizkie adierazpen horiek senitartekoei.

«Argi dugu zerk eragin zion heriotza amari: pilotakadak. Ama eta emaztea ez digute sekula itzuliko, baina onarpena nahi dugu. Heriotzaren arrazoia zein izan zen onartzea. Han nengoen eta ikusi nuen nola gertatu zen. Gaixo zegoelako ama berdin-berdin zortzi egunetara hilko zela entzuteak mina ematen du. Hasiera batean, Atutxak bertan ertzainik ez zegoela esan zuen. Injustizia bikoitza sentitzen duzu; ama bigarrenez hilko balute bezala», salatu du Maiderrek. Heriotza gertatu baino hilabete lehenago Bartzelonan, transplantea egin zioten ospitalean, egindako analitikaren emaitzak hil ondoren jaso zituzten. «Perfektu zeuden»,gaineratu du.

Alex Elosegi Arantzazuko Ama ospitaleko nefrologia zerbitzuko medikuak ondo ezagutzen zuen Zarra, hura urte luzez artatu zuen mediku taldeko kidea baitzen. 1995eko uztailaren 28an hedabideetara bidali zuen gutunean heriotza pilotakadaren ondorioz gertatu zela azaldu zuen. Pilotakadak tronbosi bat eragin zion arterietan eta horrek kolona zulatu eta shock septiko bat eragin zion. Infekzioari aurre egiteko defentsa gutxi zituen, urte luzez hemodialisiko pazientea izana baitzen eta giltzurrun transplantearen ondoren jarraitzen zuen tratamenduagatik.

Xabier Irazusta Iñigo Iruin abokatuarekin batera Ertzaintzaren komisariara joan zen salaketa jartzera. «Azken muturreraino ikertuko zutela esan zidan inspektoreak. Zain gaude oraindik». Salaketak ibilbide oso laburra izan zuen. Auzia 1995eko irailean artxibatu zuten.

Erakundeen aldetik «zeharo baztertuta» sentitzen dira. «Inor ez zen gurekin harremanetan jarri. Inork ez zigun deitu doluminak emateko. Ontzat eman zuten auzitegiko medikuaren txostena eta kito: heriotza naturala izan zela. Baina, benetan, pilotakada baten ondorioz hil zen», nabarmendu du Xabier Irastorzak. Hileten egunean, uztailaren 3an, Donostiako Alde Zaharreko San Bizente elizako apaizak bi bonba abisu jaso zituen. Mezarekin jarraitzea erabaki zuten.

Urteurren bakoitzarekin «barrenak berriro ere mugitzen dira. Horrenbeste denbora pasa da eta oraindik zain gaude, ez da ezer argitu. 22 urte nituen orduan; akaso inozo xamarra izango nintzen, baina ziur nengoen epaiketa bat egingo zutela. Izan ere, hain argi zegoen gertatutakoa... Izugarrizko kolpe latza izan zen Atutxaren ahoan pilotakada jaso izan ez balu ere ama berdin hilko zela entzutea. Urte asko gaixorik egon zen, dialisia egiten, baina transplantea egin zioten eta bizi kalitatea asko hobetu zitzaion. Asko sufritu zuen emakumea izan zen eta bizitzaz gozatzen ari zen. Aita jubilatu berri zen...». Hitzak moztu eta begiak bustitzen zaizkio Maiderri.

«Herri honetan gertaera asko daude argitu gabe. Ez gara bakarrak. Jaurlaritzak 2015ean ‘Bizitzarako eskubidearen urraketen udal erretratuak (1960-2010)’ txostena aurkeztu zuen eta bertan auzia sakonago ikertu beharra zegoela aitortzen zuen. Behintzat hori onartu zuten, aurrerapauso bakarra. Guk egia eta aitortza besterik ez dugu nahi. ‘Begira, giroa zegoena zen eta gauzak ez ziren ondo egin’, horrelako zerbait esatea. Ama ez digute itzuliko, baina behintzat injustizia sentimendua kendu. Luzaroan ezker abertzalearekin lotura zutenak ‘gaiztoak’ zirela eta merezia zuten ideia zabaldu da. Herri honetan denok sufritu dugula onartzea beharrezkoa da». Euskal Memoria fundazioak egindako bildumaren araberan, gomazko pilotek bost pertsona hil dituzte Hego Euskal Herrian 1977tik hona: Jose Luis Aristizabal, Isidro Susperregi, Luis Santamaria, Zarra bera eta Iñigo Cabacas.

2015eko apirilean, Xabier Irazustak, Manu Cabacasek eta Fina Liceranzuk –Iñigo Cabacasen gurasoak–, Mikel Quintelak –pilotakada baten ondorioz begia galdu zuen– eta Joseba Nafarratek –Xuban Nafarrateren aitak– agerraldia egin zuten gomazko pilotak debekatzea eskatzeko.

«‘Gorroto’ hitza ez dugu etxean sekula aipatu, baina erakundeetatik babestu egin zen injustizia bat izan zen, herri honetan egon diren beste askoren artean. Herri gisa eta, gu, familia gisa jazarpena jasan dugu. Errelatoa ez dago osorik», nabarmendu du Xabier Irazustak.

 

Adierazpenak

«Kolpe latza izan zen Atutxaren ahoan pilotakada jaso izan ez balu ere ama berdin hilko zela entzutea»

Maider IRAZUSTA

Rosa Zarraren alaba

«‘Gorroto’ hitza ez dugu etxean sekula aipatu, baina erakundeetatik babestutako injustizia bat izan zen»

Xabier IRAZUSTA

Rosa Zarraren alarguna

Todo sobre R