GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Hik asmatu beharko


Berde doa, berde doanez, aurtengo gure ingurunea. Batez ere, mendi eta harkaitz goienekoen gertuan bizi garenontzat. Baina, ondotxo dakigunez, giro berdina, denean berdin, oso gutxitan egokitu ohi da. Eta orduan, kolore berdineko eguraldia denentzat seinalatzea, kontu alferrikakoenetakoa dela iruditzen zait. Horregatik seinalatzen dut goiko izenburukoa...

Baina norberak asmatzeko desafio hau, batez ere, eguraldi genero eta tipoaren beharrean ez gatozelako bat, horrexegatik da. Nola etorriko gara bat denok, den-denok, toki eta paraje ezberdinetan ibili behar badugu biharamunean. Mendi-tontorrerako asmoak izan edo baratzeko lanen plana bete behar; familiako bisita batzuekin konplitu behar... edo itsaso kontrara jiratxo batekin osatu eta gozatu eguna, Gaztelugatxe aldera edo, hondartza giro lasaiagora... edo hainbat paraje dotore eta bakeoso, euskaraz usaintzen ditugunak, halaxe mintzo zaizkigulako gure paraje gozagarri honetan...

Ba, hik asmatu beharko, bai! Gaur gainera, hainbat mediotan eta hain era aberatsean eman ohi zaigu espero daitekeen giroaren berri, ezta? Bai kosta alderako, nola mendi inguruetarako, eta baita goizean goizetik nola bezperatik ere, hainbeste mapa eta detailetxorekin gainera, edozein asmo eta plan dezisio puntu batekin erabakitzeko tamainan, gehienetan behinik behin...

Ba, hara, aspaldiko asteotan gehien entzundako galderak iturri betean ekarri dit erantzuna. Eta barka, baina, «gaur-biharko giroak herorrek asmatu beharko dituk...!».