Maider Eizmendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Haserrea eta beldurra

Orain gutxi kazetari izate bidean den gazte batek galdetu zidan ea zer izan den kazetaritzak eman didan hoberena. Ez nuen asko pentsatu behar izan: jendea. Lanbideari esker inoiz imajinatzerik izango ez nukeen jendea ezagutzeko aukera izan dut. Haietako batzuk aurretik ere estimatzen nituen; beste batzuk erabat ezezagunak ziren, baina haien hitzak entzun ostean miretsi egin ditut. Sentimendu asko sortu dizkidate: buru-bihotzak uzkurtu dizkidate, urdaila korapilatu, asko haserretu naute eta barrea lasai eginarazi. Pertsona horien ondotik altxa eta orri zuriaren aurrean jarri aurretik arnasaldi sakonak hartu behar izan ditut, korapilatutako ideia eta hitzak taxuz josi ahal izateko. Denborarekin lasaitze-antolatze ariketa hori gero eta errazago egiten ikasi dut, baina azkartasun garaiotan segituan bota eta azkar jasotzea gustatzen zaigu. Aukera izandakoan, ordea, digestio horri denbora gehiago ematea ere gustatu zait, batez ere, inoren hitzek eta jarrerek sutu nautenean.

Haserreak, beldurrak bezala, burua mugatzen du; korapiloak sortzen ditu eta horiek askatzea ez da erraza. Azken denboran bada batetik eta bestetik inguruan: haserrea ondo bideratu ezinik eta beldurrak erabat kateatuta. Adituek ohartarazi dute buru-osasunean erreparatu beharra dagoela, hilabete hauetako gertakariek kalte handiak sor ditzaketela; eta gertatu denak baino, gertatu litekeen horrek dauzka berriz erabat lotuta beste asko. Aholkuak aholku, elkartu eta ospakizunetan aritu diren horietan jarri da haserrearen fokua. Halako edo bestelako hura egin eta gaixotu diren horietan, aurpegirik eta hitzik ez dutenetan... Entzungo nituzke gustura haien istorio eta hitzak; agian axolagabekeria edo ardura eza sumatuko genituzke; agian, horrenbeste pertsona mugiarazi behar zituzten hitzorduak antolatu direla ikusita, dozena bat pertsona elkartzeak ez lukeela ondoriorik izan behar pentsatu zuten; agian, behar-beharrezkoa zuten talde sentitzea; agian... baina ez dakigu. Eta bitartean aurpegia, hitza eta, batez ere, erantzukizuna dutenak airoso, kalkulagailuak sutan dituztela.