Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Kritika sozialaren lirika

Lizar Begoñak «Aro beilegia» (Bale Zuria) poema liburua argitaratu du DK III. Poesia Saria irabazi ostean. Kezka garaikideak ditu: kultur kontsumoa, turismoa, sexualitatea, noraez soziala… eta begirada kritikoa plazaratzen du edertasun krudelez, lirikotasun ilunez.

Bere gorputza garaiaren iragazki bat da, hezur haragizko iragazki handi bat. Xurgatzen duen guztia barrenean prozesatu eta ateratzen du poesia forman. Arte Ederrak ikasi zituen Lizar Begoñak (Sopela, 1996), baina, artista izateaz gain, idazlea ere bada, bere lehen poema liburuak «eman» dio titulu hori. DK III. Poesia Saria irabazi ondoren argitaratu ahal izan du, Balea Zuria argitaletxeari esker, “Aro beilegia”, gaur egungo gizartearen kritika poetiko bat. Ederra, krudela, lirikoa. Hori guztia bateragarria da bere poesian.

Bilboko San Frantziskon

billete urdin bat oparitzea

edo lixa batekin alua sikatzea berdina da,

atarietan ezin da lorik egin

baina egiten da,

obsesioak argaldutako

emakumeek

speed gehiago behar dute,

baina

drogak, putak

eta katuak

ez dira zure mundu berekoak,

zuk ez dakizu ezer.

Bilboko Kale Nagusia ezberdina da.

«Konbentzituta nago poesia zehazki, eta artea orokorrean, zientzia, ekonomia, soziologia, historia bera, hau da, beste diziplinak heldu ezin diren eremuetara ailegatu daitezkeela», defendatzen du. Hori da bere tresna: hitza.

Hitzak harilkatzen ditu bere kezkak, garaikideak batzuk unibertsalak besteak, plazaratzeko. «Kulturaren eta sortzailearen egoera prekarioa eta nola bizi dugun hori dena, kultur kontsumoa, turismoa eta mugikortasuna, Internet, sexualitatea, noraez soziala, sentimendu modu berriak eta zaharrak, idazteak sortzen dizkidan kontraesanak...».

Azken bost urteetan idatzi dituen poemak bildu ditu “Aro beilegia” lanean. «Gure aroarekiko dudan ardura, kezka, eta ulertu nahi horrek presentzia potoloa hartu du liburuan zehar, eta izenburura eraman nahi izan dut», kontatu zuen Donostian egindako aurkezpenean.

Lehiaketara aurkeztu ziren lanen artean Lizar Begoñarena gailendu zen, bere ahotsak duen indarragatik eta, aldi berean, freskotasunagatik. «Kritika zuzena egiten dio egungo gizarteari, sistema ekonomikoari, teknologiaren menpekotasunari, gure berekoitasunari… eta hori guztia poetikotasunari uko egin gabe, zeren lirikotasuna barra-barra topa daiteke lerro guztietan. Hizkera liriko ilun berezi batez janzten du guztia, gordina eta zuzena da askotan, baina badaki xamurra izaten. Berritzailea da, apurtzailea, disidentea, eta, tarteka, baita pitin bat surrealista ere. Eta dotorea», azaldu zuen Pello Otxoteko editoreak.

Aritz Gorrotxategi idazlea epaimahaikidea izan da Itxaro Borda eta Eli Tolaretxipirekin batera eta, iritzi zuenez, ahots gazte berri bat heldu da poesiara, egungo gizartea Arte Ederren ikasketetan hartutako oinarrietatik deszifratzen duena. «Intuizioak esaten dit ikuspegi horretatik etor daitekeela, piztu dezakeela, begirada berri bat».

Tresna politikoa

Eskola garaian hasi zen idazten Lizar Begoña, baina ez da orain arte bere testuak aurkeztera ausartu. Introspektiboak ziren testuek garapena izan dute, Lizar pixkanaka zabalduz joan da-eta. Behar zuen bozgorailua. «Idazketa oso ekintza bakartia da eta idazlearengandik irakurlearengana dagoen hari hori ezinbestekoa da, nonbait existitzeko idatzitakoa, isolaturik ez gelditzeko. Denok nahi dugu entzunak izan eta pentsatzen duguna oihukatu moduren batean».

Eskultura irakasle batek esaten omen zien inori ez zaiola axola zer sentitzen duzun, baizik eta zein forma ematen diozun, nola unibertsalizatzen duzun barruan duzuna. «Gauza bat da intimotasuna eta beste bat tristezia hori unibertsal bihurtzea eta komunitatean kokatzea». Eta, zentzu horretan, poesia oso politikoa dela uste du idazleak. Bai, poesia eta politika lerro berean.